GARA Euskal Herriko egunkaria

Lurralde frankofonoetan euskal kulturaren presentzia indartu nahi du Etxeparek

Etxepare Euskal Institutuak «frankofoniaren unibertsoan» jarriko du begirada datozen lau urteotan, “Ça colle au basque” ekimenaren barruan, euskal kulturaren kanpo-proiekzioa bultzatzeko asmoz. Erakunde, kultur eragile eta elkarte profesionalen arteko aliantzak sortzea da egitasmoaren helburua.

Egitasmoan parte hartzen ari diren erakundeetako ordezkariak. (ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA)

‘‘Ça colle au basque’’ (burutik kendu ezin duzun zerbaiti erreferentzia egiteko frantsesez erabiltzen den esamoldea da; literalki, ‘‘euskalduntasuna itsasten zait”) du izena Etxepare Euskal Institutuak datozen lau urterako aurkeztu duen ekimenak.

Egitasmoak euskal kulturaren proiekzioa «frankofoniaren unibertsoan» indartzea du helburu; hau da, frantsesa hizkuntza komun duten 321 milioi pertsonek osatutako kultura, nortasun eta hizkuntzen mosaikoan.

Proiektua atzo aurkeztu zen Getariako Zarautz jauregian, kultur sektoreko eta erakundeetako 50 bat ordezkarirekin egindako lan-saioan. Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak azaldu zuenez, «frankofoniaren eremu anitz eta zabal horretan» eragitea da asmoa, «guri buruzko ezagutza handitzeko asmoz eta lankidetza berriak sustatzeko ilusioz». «Baita ere, historian zehar hegemoniak marraztutako mapetan sorkuntza eta hizkuntza gutxituok dugun lekuaz eta garrantziaz elkarrekin hausnartzeko», gaineratu zuen. Horretarako, Etxepare lurralde frankofono desberdinetako erakundeekin loturak sortzeko, garatzeko eta sendotzeko lanean ari dela esan zuen, komunitate horren nazioarteko proiekzioa aprobetxatuz.

Ekimenak, halaber, euskararen ezagutza eta prestigioa sustatzearen alde egiten duela nabarmendu zuten, esparru akademikoan euskararen hedapena bultzatuz, sortzaileen eta unibertsitateen artean sinergia berriak sortuz, eta egoera diglosikoan dauden hizkuntzen eta hauek hizkuntza hegemonikoekin dituzten harremanen testuinguruan euskararen errealitateari balioa emanez.

BOST KONTINENTE, LAU ARDATZ

‘‘Ça colle au basque’’-k, lurralde zehatz batez haratago, bost kontinenteetan barrena zabaltzen den unibertso bati begiratzen dio, maila ezberdinetako aliantzak eta proiektu multilateralak gauzatzea ahalbidetuko duena. Azaldu zutenez, ekimena lau ardatzen bidez garatuko da. Lehenik, Etxeparek frankofoniaren eremuan jada bultzatzen dituen dinamika eta proiektuetan euskararen eta euskal sorkuntzaren presentzia sendotuko da, besteak beste, Quebec en Toutes Lettres (Quebec), Fest 'Arts (Libourne) eta Foire du Livre de Bruxelles (Brusela) jaialdietan.

Bigarrenik, finantzaketa-ildo berriak bultzatuko dira, euskal sortzaile eta eragileek lurralde frankofonoetako erreferentziazko azoka, jaialdi eta ekitaldi kultural eta artistikoetan parte har dezaten errazteko. Hirugarrenik, Ipar Euskal Herriko eragile kultural eta instituzionalekin lankidetza indartuko da eta, azkenik, erreferentziazko unibertsitateetan euskara eta euskal ikasketak zabaltzeko aukera berriak sortzea aurreikusten dutela iragarri zuten.