25 MAR. 2025 101 herritan independentzia mozioak aurkeztu ditu Ehun-ek GARA DURANGO Ehun mugimenduak burujabetza-iraultzaren ideian sakontzen hasteko asmoz erregistratu zuen iazko maiatzean independentzia mozioa Plentziako Udalean. Horrela, udal hori izan Euskal Herriko lehen erakundea bere burua Euskal Errepublikako parte zela deklaratzen. Orain, Euskal Herri osoko 101 herritan erregistratu ditu independentzia mozioak. Mozio horiek, gainera, hasi dira udalbatzetara iristen. Lehen biak bihar, martxoaren 26an, Durangon eta apirilaren 16an Gasteizen izango dira. «Plentziako mozioak herritar askoren ilusioa piztu zuela ikusita, azken urte honetan saiatu gara mozio hauek Euskal Herriko herri gehiagotara eramaten. Hala ere, elite independentistaren ezezkoak suposatu duen lan gehigarriari aurre egiteko Ehun ez da nahikoa izan. Lana izugarri zaildu digute. Horregatik, lan hau bakarrik ezin dugula aurrera atera onartuta, Ehun itzaltzea erabaki dugu», iragarri dute. OLATUA ETA ITZALI Itzali aurretik, baina, Euskal Herri osoko 101 herritan independentzia mozioa erregistratu dute, mozioen lehenengo olatua martxan jarriz. «Ehunek aukera eman nahi die herri horietako pertsona eta alderdiei Euskal Errepublikaren aldeko prozesuan urratsak egiteko», nabarmendu dute. Besteak beste, mozioa erregistratu duten herrien zerrendan, Euskal Herriko zazpi hiriburuez gain, Barakaldo, Durango, Lasarte-Oria, Hernani, Altsasu, Tutera, Agurain eta Laudio ere badaude. Mugimendua «itzaltzeko» erabakiari buruz, «eragozpen nagusia baliabideen falta» izan dela azaldu dute Ehun-eko kideek.