01 ABR. 2025 AZKEN PUNTUA Zuk zer duzu? Yasmine KHRIS Itzultzailea Richard Dawkins ikerlariak 1976an «meme» terminoa sortu zuen, ideia eta praktika kulturalen oinarrizko unitate gisa, «pertsonen artean transmititu daitekeena, hizkeraz, idazketaz edo bestelako ekintzen bitartez». Izan ere, meme bat, bere esajerazio, deformazio eta satira guziarekin, errealitatearen ispilu bilakatzen da. Internet den sare ilun bezain zehatz horretan, askotariko memeak sortu izan dira, eta batzuekin aise identifika gaitezke. Bat bereziki gustuko dut: diapositiba baten diagrama baten antza du; irudikatu nahi du zenbateko diru kopuru, denbora eta osasuna dugun, gure biziaroaren arabera. Gaztaroan, denbora eta osasuna sobran, baina dirurik ez. Heldutasunean, dirua lortu da, eta osasuna ongi mantentzen da, baina denbora gutxitu. Azkenik, zahartzaroan, denbora berreskuratu eta dirua aurreztu da, baina osasunak okerrera egin du. Zehatz samarra, ezta? Nik neuk neure burua ikusi dut memean. Alabaina, nire adineko dezente -eta gazteagoak- ikusten ari naiz gero eta gehiago hiru muturren artean dantzan: esplotazio laboralak (1) diru gutxi dakar, prekaritatera eramanez (2); ondoren, osasun mentala (3) okertzen da. SOS: zer egin behar dugu errealitateak memea gainditzen duenean?