GARA Euskal Herriko egunkaria

Batera bilakaera instituzionalerako bide-orria mamitzen hasiko da maiatzean

Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalari buruzko gogoeta kolektiboa abiatzeko hitzordua eman du Batera plataformak, maiatzaren 10ean, Ezpeletan. Lurraldearen erronkei erantzun ahal izateko, estatus bereziko lurralde kolektibitatea du xede.

Zortzi urteren ondotik Batera plataforma berpiztu da. (Guillaume FAUVEAU)

Bilakaera instituzionalaren alde, herritarren mobilizazio dinamika berria iragartzeko bildu ziren Batera plataformako kideak, atzo goizean, Baionako On! bilgunean. «Iruditzen zaigu unea dela kolektibitatearen aldeko dinamika berriz bultzatzeko, eta, horretarako, Batera bezalako herri plataforma baten beharra agerikoa da», azaldu zuen Nicolas Blainek, plataformaren talde motorreko kideak.

Behar horri erantzuteko, berraktibatu eta, hemendik goiti, birfundazio prozesua martxan ezarri dute, «tresna berria eraikitzeko». Antolaketa eta indar berrien beharra azaleratu zuten, sare gaurkotu bat ehuntzeko. Bide-orria finkatzeko xedez, herritarrei mobilizazio dinamika aktibatzeko deialdia egin zieten, lehen hitzordua maiatzaren 10ean emanez, larunbatarekin, Ezpeletako Patronaia gelan. Birsortze biltzar nagusia 9.00etan abiatuko da.

Euskal Hirigune Elkargoa 2017an sortu zenetik zortzi urte iragan direnean, Ipar Euskal Herriaren lurraldeko beharrak ikusirik, borrokan jarraitzea erabaki dutela adierazi zuten kideek. 2011-2013 artean kolektibitatearen aldarrikapenarekin sorturiko kontsentsu soziala abiapuntutzat harturik, «Ipar Euskal Herriak erakutsi du bere burua gobernatzeko gaitasuna, eta pentsatzen dugu momentua dela beste maila instituzional baterantz joateko», azaldu zuen Blainek.

Baieztapen horrekin berrantolatu da Batera plataforma, urrats instituzional berri bati ekiteko. Estatus bereziko lurralde kolektibitate bilakatzea finkatu dute helmuga gisa. Horretarako, ez dira hutsetik abiatuko: «Euskal Elkargoari bilakaera eman eta lurralde kolektibitatera salto egitea» da asmoa.

ALDARRIKAPEN HISTORIKOAK ETA GAURKOAK

Hauteskunde ziklo berri baten atarian, Bateraren gisako plataformen rola ziklo horretan eragitea dela argudiatu zuen Blainek. Plataformaren lau aldarrikapen historikoei borroka sektorialak gehituko dizkiete, aldarrikapen berritua gauzatzeko.

Hain zuzen, Batera plataforma 2002ko abenduan sortu zen, lau aldarrikapen hauek batzeko xedez: euskararen koofizialtasuna, laborantza ganbara bat Ipar Euskal Herriarentzat, unibertsitate propioa eta euskal departamendu bat, lurralde kolektibitatearen aldarrikapena bilakatu zena. «Herri dinamika azkar eta anitz eraman ditugu», oroitarazi zuten.

EUSKARA ERDIGUNEAN

Plataformaren sortzean parte hartu zuten bost eragileetako bat izandako Euskal Konfederazioaren izenean hitza hartu zuen Ihintz Olidenek. Euskararen aldeko elkarte eta federazioen bilguneak «euskararen ezagupen ofiziala eta lege geriza aldarrikapenen saskira» eraman zuela oroitaraziz, ordutik aitzinamendu batzuk lortu badira ere, hizkuntza politikan jauzi bat emateko beharra argudiatu zuen Olidenek atzoko agerraldian.

Haren erranetan, «etapa instituzional berri batekin, zenbait aitzinamendu emanen liratekeela uste dugu, adibidez, irakaskuntza mailan, Molac legeak dioen bezala, ikastetxe guztietan euskararen irakaskuntza proposatuz».