05 ABR. 2025 GAZTEON ESKUTIK TOPAGUNEA Jauzi berri bat emateko bidean, NAIZ Gunea egongo da Berriozarren Gazteon Eskutik topagunea hartuko du Berriozarrek apirilaren 17tik 20ra, gazte independentisten bulkada piztuko duena. Bertan NAIZ Gunea egongo da, irratsaio, mahai inguru eta musika eskaintza anitzez osatutako egitarauarekin zein bestelako zerbitzuekin. Harpidedunek bonuak eta eguneko sarrerak %20ko deskontuz erosteko aukera dute Harpidedunen Txokoan. Ane Urkiri NAIZeko zuzendaria eta Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramailea, Berriozarren. (Iñigo URIZ | FOKU) GARA BERRIOZAR Gazteon Eskutik ekimenak, Ernaik sustatuak, bere bigarren edizioa izango du aurtengoa, eta gazte independentisten topaguneen 31. edizioa bilakatuko da apirilaren 17tik 20ra bitartean Berriozarrek hartuko duena. Musika eta aldarria lotu dituzte egitarauan, eta hitzaldiei «garrantzi berezia» eman diete. Gazteon Eskutik «indar horren guztiaren bilgunea» izango dela adierazi dute antolatzaileek: «Inoiz baino premia handiagoa duen testuinguru honetan jauzi berri bat emateko abagunea izan nahi du». NAIZek, bere sorreratik, konpromiso berezia erakutsi du gazte independentisten topaguneekin, bai eta ‘Egin’ eta GARAk ere, bertan ale bereziak banatuz. 2019tik aurrera, NAIZ Guneak ere protagonismo berezia izan du edizio ezberdinetan. Lemoan zein Elorrion eremu propio bat izan zuen, eta modu berean izango du Berriozarren ere. Atzo, Berriozarren, NAIZ eta Gazteon Eskutik ekimenaren arteko hitzarmenaren aurkezpena egin zuten. «Euskal Herriaren askapena xede nagusi, gazteak dira iparrorratza, historia kontatu eta egingo dutenak, hauen bulkadak loratuko duelako independentzia. Eta NAIZ bertan egotea funtsezkoa deritzogu, kazetaritza zorrotz eta kritikoak bertan ere presentzia edukitzea, alegia, bai jarraipen berezia eginez, baina baita eremu propio bat izanda ere», esan zuen Ane Urkirik, NAIZeko zuzendariak. Gazteon Eskutik ekimenarekin elkarlanean, alde batetik, harpidedunek bonuak eta eguneko sarrerak %20ko deskontuz erosteko aukera dute Harpidedunen Txokoan eta, bestetik, programazio propio bat osatu da NAIZ Gunean, Euskal Herria plazan kokatua egongo dena. NAIZ Musikaren emankizuna iratzargailua izango da ostiralean eta larunbatean, goizeko 10.00etatik 12.00ak bitarte. Hala ere, gunean izango den lehenbiziko hitzaldia ostegunean egingo dute (16.00etan), ‘Gurpilak pizpirrien loreontzi: sormenez espetxeak hautsi’. Ostiralean eta larunbatean egun osoko egitarau zabala egongo da, mahai inguru zein jai giroko ekitaldiekin. Nabarmentzekoa, ostiralean, 12.00etan, ‘Jauzi bat independentziara’ hitzaldia, Iñaki Soto GARAko zuzendaria moderatzaile lanetan ariko dela. ‘Gure garaia da’ podcastaren zuzeneko grabaketa, Eguzki txarangaren kontzertua eta Drag Showak osatuko dute ostiraleko egitaraua. Larunbatean, NAIZ Musikaren saio berri baten ostean, garagardo dastaketa, bermut internazionalista, bertso saio musikatua eta elektrotxarangak girotuko dute gunea. NAIZ Gunean bestelako zerbitzuak ere eskainiko dira. Adibidez, mugikorrak kargatzeko espazioa eta NAIZen gazte harpidetzak doan aktibatzeko aukera. Sari eskaintza egongo da, gosariak banatuko dira eta pintxoak ere eskuragarri izango dira, eta komunak eta botiken kutxa ere bai. ABERRI EGUNERA JOATEKO DEIA Auzolana oinarri, gazteriaren indar erakustaldi handiak bihurtu ohi dira hitzordu politiko hauek, eta aurten Berriozar izango da horren lekuko. Gainera, igandean, hilak 20, EH Bilduk deituta, Iruñean ospatuko den Aberri Egunera joateko deia egin dute antolakuntzatik. Azaldu dute, kanpaleku zein furgoneta eta autokarabanentzako guneak astelehenera arte erabili ahalko direla; modu honetan, gazte topagunera eta Iruñeko Aberri Egunera doazenen arteko topaleku bilakatuko da. HAMAIKA AUKERAGazteon Eskutik topagunearen harrera ekitaldia apirilaren 17an, 13.00etan, egingo dute, eta hiru egunetarako egitaraua zortzi gunetan banatuko da, mahai inguru eta musika eskaintza zabalarekin.