GARA Euskal Herriko egunkaria
MUSIKA JAIALDIA

Iragana eta oraina bat eginda ZEID Fest Gaztean

Aurreko urteetan baino jende gutxiago elkartu bada ere, 7.000tik gora pertsona izan dira aurtengo ZEID Fest Gaztea jaialdian Barakaldoko BECen. Iragana eta etorkizuna batu dira, nostalgia eta ur berria. AEK izan da aurten omendu duten erakundea, haien eskutik ere bai baitator etorkizuna euskararen herrira, Euskal Herrira.

Euskal kulturaren tradiziotik edaten du Crystal Fightersen musika elektronikoak. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Egun osoko festa luzea izan zen atzo berriz ere Barakaldoko BECen ZEID Fest Gaztearen egitarauan. Laugarren edizioa zuen aurtengoa jaialdiak eta, aurreko edizioetan baino publiko gutxiagorekin izan bazen ere, musikarientzat berotasuna bilatu zuten Bizkaia Arena horretarako egokituz.

BEC atarian lehen doinuak 10.45ean entzun ziren; Kittu txarangakoak ziren, AEKko hainbat kiderekin batera, eta elkarrekin kalejiran iritsi ziren Bizkaia Arenara. Bertan AEKko nazio kontseiluko kide Lurdes Etxezarretak hitza hartu zuen: «Jaizkibel eta Naizenen atzetik ohore bat da guretzat gaur omenaldi hau jasotzea. Izan ere, ohituago gaude omenaldiak egitera jasotzera baino. Euskal Herriko herritarrek euskara erabiltzeko baldintza erosoak nahi ditugu, toki guztietan gure ikasleek euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten nahi dugu. ZEID Fest euskaraz, aske eta eroso aritzeko tokia da. Mila esker, musika euskaraz gozatzeko espazio eroso bat sortzeagatik. Omenaldia AEKko kide guztientzat da, ikasle, irakasle, aholkulari, koordinazioko kide, Aise, Mintzalagun, Korrika… Bereziki gune erdaldunetan euskaldunak sortzen ari direnentzat. Horiei esker, Bilbon, Ezkerraldean, Erriberan, Arabar Errioxan edo Lapurdin arnasgune gero eta gehiago ditugu». Ondoren, Barakaldoko AEKko kidea den Argiñe Sangrador mintzatu zen, aipatuz Barakaldon 368 ikasle daudela euskaraz bizitzeko asmotan, eta, nola ez, ‘Euskaldun berri baten balada’ kantu mitikoari aipamena egin zion. Hitz horien ostean, zinta mozketa egin eta jaialdiari hasiera ofiziala eman zitzaion.

EH Bilduko ordezkaritza bat ere hurbildu zen, eta Nerea Kortajarenak NAIZ Irratiarentzat argi utzi zuen halako ekimenek eta Barakaldo bezalako hiri batean garrantzia dutela, batez ere «euskararen aurkako oldarraldi betean gaudenean».

NOSTALGIA HASIERAN

‘‘Revolution Mix’’ abesti ospetsua izan zen bere garaian, ezbairik gabe, eta haren doinuekin sartu ziren oholtzako lehenak, Betagarri taldekoak, 12.00etan puntuan, jendeak ‘‘Bandiera rossa’’ abesten zuen bitartean. Atzetik ‘‘Jabe izan arte’’ etorri zen, eta ordurako «Gora Euskal Herria Askatuta!» oihuka ari zen taldeko abeslari Iñaki Ortiz de Villalba. ‘‘Sweet Mary’’ kantua eskaini zuten segidan, eta jendeak gogotik abestu zuen. Pistan jende ugari zela, «ezohiko orduan goiztiarrak izan direnekin» eskaini zuen kontzertua Betagarri taldeak. Ez zuten hutsik egin klasiko gehiagok: ‘‘Skalatu”, “Begirada bakoitzean”, ‘‘Verde’’ ‘‘L’estaca’’ edo ‘‘EH Antifaxista”. Nostalgia dosietan lehenbizikoa.

Bigarren dosia Ken 7 taldearen ‘‘Atzo da bihar’’ diskoaren entzunaldia izan zen. Talde gernikarraren lehen diskoa hasi eta buka jarri zuten horretarako propio aritu ziren DJek. Txikienentzat txoko bat ere antolatu zuten Iratxoen Basoa, eta guraso zein haurrentzat Ana Goitiaren bakarrizketa eta Eleder Magoaren saioa ere izan ziren Azoka gunearen bi ertzetan.

Eta hirugarren nostalgia pilula AAZTIYEN oholtzan jaso genuen. Sorotan Bele gogoan proiektuarekin, Gorka Sarriegi, Urbil Artola, Aitor Etxaniz eta Ritxi Salaberria taldekideek hor jarraitzen baitute oraindik. Proiektu honetan, ordea, Euskal Herriko txoko desberdinetako bandekin aritzen dira, eta atzo Mutrikuko Udal Bandakoekin jo zuten. Mikel Errazkin ordezkaezinaren tokian Xabi Zabala (Pirritx eta Porrotxen kantuen sortzailea, besteak beste) izan zen eta saioaren hasierako ‘‘Amodioaren eza’’ kantuan hark jo zuen txirula esanguratsu hori. Zabalaren ideia batetik abiatu zen dena, eta hori nabarmen utzi zuen Gorka Sarriegik lehen hitzartzean.

“Arratsalde honetan” kantuak eman zion segida, eta harmailan zein pistan zeudenek gogoz abestu zuten. Disko guztietako kantuei errepaso luze eta zabala eman zien talde hondarribiarrak.

Nostalgiaren uneak Joselu Anayakek eta Alaitz eta Maiderren musikarekin egindako pintxadak bete zituen.

ELEKTRONIKAK HUTSIK EZ

Joselu Anayak beren ohiko erromeriarekin hasi zen Aralarko Dama oholtzan, eta, kontrastean, Süne AAZTIYEN oholtzara igo zen. Bitxia, trikitirik gabeko erromeria bat eta erromeriaren eboluzioa-edo irudikatzen duen kontzertu bat ordu berean izatea. Aurretik, motorrak berotzeko, giro urbanoko lehen kontzertua Zilibito Recordsekoek eskaini zuten.

Intro bat eta ‘‘Lau korapilo’’ abestia izan zen Sünek eskaini zuen lehena, single moduan etorri zen kantua “Amaineman” debuteko diskoan jasotzen duena. Diskoari errepasoa emateaz gainera, Huntzaren edota Laboaren kantuak elektronikara eramanda ere jo zituen. Baita elektronikan ospetsuak diren zenbait abestiren nahasketak ere, Galaren “Freed from desire” euskaratua tartean.

Zea Maysek rock pixka bat jarri zion arratsaldeari, Kai Nakairen doinu dantzagarrien eta Crystal Fightersen emanaldiaren aurretik.

Crystal Fighters britainiarrak ziren askorentzat eguneko kartelburuak, eta ez zuten hutsik egin. Oholtzan, gainera, Merina Grisekoak eta Pello Reparaz ere izan zituzten gonbidatu berezi bezala.

Txalaparta hotsak entzuten zirela ekin zioten emanaldiari, dantzari batzuek agurra dantzatzen zuten bitartean, Nafarroarekin eta euskal kulturarekin duten harremana argi erakutsiz. Ikurrina ere oholtzan presente izan zen beren emanaldiak iraun zuen denboran.

Gaua biribiltzeko, Iseo & Dodosound eta Duplarekin festarako tartea zabaldu zuen ZEID Festen laugarren edizioak.