10 ABR. 2025 ITZULIA 2025 Aranburuk berea berreskuratu du Beasaingo sarrerako biribilgunea okerreko bidetik hartzeagatik garaipena kendu zioten. Ibilbide liburuaren arabera, bide zuzena hartu zuen. Romain Gregoire jo zuten etapako irabazle, baina handik gutxira garaipena berreskuratu zuen Ezkio-Itsasokoak. Alex Aranburu bikain nagusitu zen Beasainen. (Andoni CANELLADA | FOKU) Arnaitz GORRITI Hanka bizkorrak izateak adina garrantzi dauka buruz ere azti eta argi ibiltzeak. Alex Aranburu indartsuena izan zen Zarauztik Beasainera Euskal Herriko Itzulia eraman zuen hirugarren etapan, baina Ezkio-Itsasokoaren dohaina buruz azkarra izatea izan zen... Dohaina eta baita galbidea izateko gertu ere, aztiegi jardun zuelako. Helmugara iristeko kilometro inguru falta zela eta indartsuenen tropela atzetik segika zetorkiola, Aranburuk Beasaingo sarrerako biribilgunea eskuinetik hartu zuen, lasterketak ezkerretik sartzera behartzen bazuen ere. Han irabazitako metroei etekina aterata nagusitu zen txirrindulari gipuzkoarra, baina epaileek kanporatzea deliberatu zuten. Aztiegi jardutearen merezi gabeko ordaina jaso zuen Cofidis taldeko txirrindulariak, baina bi ordu geroago epaileek erabakia bertan behera utzi behar izan zuten, eta garaipena Aranbururena izan zen. Kontua da, ibilbide liburuaren arabera, biribilgunea eskuinetik hartu behar zutela txirrindulariek, nahiz eta errepideko seinaleek kontrako aldetik bidali zituzten. Ondorioz, liburuaren esanari jaramon egin zion Aranburuk; ez ordea bere atzetik zetozenek, eta hori izan zen Ezkio-Itsasoko txirrindulariaren hasierako galbidea, epaileek erabakia aldatu zuten arte. Itzuliak adierazi zuenez, «hainbat froga jaso eta aztertu ondoren, Veloviewer-en datuak, road book-a eta taldeak emandako informazioa barne, ikusi da eskuragarri zegoen informazio guztiek adierazten zutela aipatutako biribilgunea Cofidis taldeko txirrindulariak aukeratutako tokian hartu behar zela». «UCIren araudiaren 1.2.064 artikuluaren arabera, txirrindulariek aldez aurretik ikasi behar dute ibilbidea. Kasu honetan, txirrindulariak behar bezala jarraitu du aurreikusitako ibilbidea», ohar egin zuten. Bestalde, antolatzaileek biribilguneko seinaleztapenean «akats bat» egon zela baieztatu zuten. «Horregatik guztiagatik, Komisarioen Elkargoak hasierako erabakia bertan behera uztea eta txirrindulariaren helmuga igarotzea balioztatzea erabaki du», amaitu zuen Itzuliak. ZORAGARRIA Lastima izan zen Zarauztik Beasainera bidean Euskal Herriko Itzuliak izan zuen amaiera nahasgarria, osterantzean jardunaldia zoragarria izan baitzen. Lazkaomendiko jaitsiera azkarraren amaieran gertatu zen etaparen zoria aldatu zuen gertakaria. Almeida portugaldarrak bakarrik hanka egin behar zuela itxura eman zuen. Baina Aranburuk ez zion erakustaldirik ematen laga eta, artaldea gidatuz, Schachmannen lidergoa neurri batean Ezkio-Itsasokoak salbatu zuen. Baina gipuzkoarra duela lau urte Sestaon lortutako garaipena errepikatzeko asmoz abiatu zen, eta baita lortu ere, epaileek erabakia hartu zuten arte. Romain Gregoire hurrengo irabazle ofiziala ere ez zen asko poztu. «Garaipen hotza da hau niretzat», onartu zuen frantsesak. Azkenean epaileek atzera egin eta merezitako garaipena eman zioten Alex Aranbururi.