11 ABR. 2025 Beste astebeteko greba EAEko hezkuntzan, maiatzaren 12tik 16ra Hezkuntzako sindikatuek lanuztera deitu dute maiatzaren 12tik 16ra. LAB, ELA, Steilas eta CCOOk salatu dutenez, Hezkuntza Sailaren azken proposamena «ez da nahikoa». Hezkuntza publikoko irakasleek aurten egindako bederatzi greba egunei gehituko zaizkie hauek. LAB, ELA, Steilas eta CCOOk greba deialdiaren berri eman zuten atzo. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) GARA BILBO Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek beste bost greba egun iragarri zituzten atzo; unibertsitatez kanpoko EAEko hezkuntza publikoko 27.000 irakaslerentzako deialdia da, maiatzaren 12, 13, 14, 15 eta 16rako. Sindikatu horietako ordezkariek Bilbon adierazi zioten Lakuako Hezkuntza Sailari ez dutela sinatuko atzo arratsaldean «ultimatum gisa» egin zien azken hitzarmen-proposamena, «oraindik ez dietelako erantzun egokirik ematen aldarrikatutako edukiei». Iragarritako jardunaldi berriak hezkuntza publikoko irakasleen artean aurten deitutako bederatzi greba egunei gehitu behar zaizkie, soldata eta lan hobekuntzak eskatzeko egin dituztenei. «Indarrean dagoen irakasleen lan-akordioa 2010ekoa da; hortaz, 15 urte luze daramatza Eusko Jaurlaritzak hura berritu gabe. Egindako grebetan, langileek argi eta garbi adierazi diote Hezkuntza Sailari hitzarmena orain eta hemen negoziatzeko beharra, eta Hezkuntza Sailak negoziatzeko atea zabalik duela saldu badu ere, errealitatea bestelakoa izan da: jarrera itxia, eszenifikazioa, edukirik gabeko bilerak...», salatu zuten atzo sindikatuek. «GREBA DESAKTIBATZEKO XANTAIAK» «Gainera, grebak desaktibatzeko xantaiekin dabiltza eta, beste sektoreetan egin ez duten bezala, ez dituzte negoziatzeko aukerak aprobetxatu eta blokeoa luzatzen dabiltza. Hitz eta asmo politetatik harago, edukiak eta zehaztapenak behar dituzte sindikatuek», gaineratu zuten. Gauzak horrela, aldarrikapen hauek helarazi zizkioten Lakuako Hezkuntza Sailari: «Gero eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea eta plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea eta jaiotza-tasaren jaitsierak aprobetxatuz aldebakartasunez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatzea eta lanpostuak egonkortzea». Horrekin batera, hezkuntza publikoko sistema osoa euskalduntzeko politikak abiarazteko, langileen lan-osasuna zaintzeko eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak eskatzen dituzte, eta azken urteotako «atzerapausoak» desagerraraztea. «Irakasleen lan baldintzak negoziatzeko garaia da. Hala, Hezkuntza Sailari eduki, zehaztapen eta bermeak dituzten proposamenak mahaigaineratzeko exijitzen diote, inolako baldintzarik gabe», gehitu zuten. Inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabidez hornitzea «ezinbestekotzat» jotzen dute. Halaber, «egiazko negoziazioa» dute helburu eta argi dute langileen mobilizazioekin hezkuntza publikoa erdigunean jartzea eta baldintzak hobetzea lortuko dutela. «JARRERA ITXIA»Bederatzi greba egunen ondoren atzo salatu zutenez, Hezkuntza Sailak «jarrera itxia» erakutsi du eta edukirik gabeko bilerak egin ditu, «negoziatzeko atea zabalik duela saldu badu ere».