14 ABR. 2025 Entrevista ESTEBE SALGADO Tradewinds enpresaren jabea «Inportatzen dugun ardoari eragingo dio, baina zigorra denontzat izango da» Ikasle bezala etorri zen AEBra 18 urterekin, igeriketarako beka batekin. Handik urte batzuetara ireki zuen egun daraman enpresa. Euskal Herriko eta Europako produktuen izena bertan ezagutarazten ibili da. Orain, ordea, laino ilunak ageri dira ortzimugan. Aitortu du uneotan egoerak ez daukala «itxura onik», baina hurrena dio zail zaiola ezer aurreratzea. (Urtzi URRUTIKOETXEA) U. URRUTIKOETXEA WASHINGTON Arantzelak indarrean sartu berri -Trumpek atzera egin du, baina %10eko muga zerga orokorra mantenduko duela iragarri baino lehen egin zen elkarrizketa hau-, AEBra produktuak inportatzen lan egiten duzuenoi bereziki eragin dizue erabakiak. Uste dut azkenean denok jasango dugula zigorra. Ez guri eragingo digunagatik bakarrik. Guri ere bai, baina gure sektoreari begira bakarrik, denoi igoko zaigu ardoaren prezioa. Nola sortu zenuen enpresa? Estatu Batuetara 2002an etorri nintzen, eta 2008an ekin genion Tradewinds enpresari. Donostiarra izanik, etxean edaten nuenaren falta nuen. Hori ikusi eta horrela hasi ginen, boutique ardoak aurkitzen eta hemen haien ordezkaritza egiten. Garai hartan ez nekien ondo non sartzen ari nintzen. Jakin izan banu, agian ez nukeen egingo. Baina duela hamazazpi urte 25 urte nituen, eta arriskatzeko garaia izaten da, eta esperientziatik ikastekoa. Asko ikasi dugu urteotan. Hasieran Euskal Herriko ardoa ezagutaraztea kosta egin zitzaigun, baina egin dugu bidea. Baita sagardoarekin ere. Zein da zuen eremua? Sei pertsona gara, eta bi enpresa ditugu. Washingtonen kokatuta gaude, baina AEB osorako egiten dugu ardoaren inportazioa. Horrekin batera, gure egunerokoan banatzaileak ere bagara, Washingtonen eta bere inguruko eskualdean, Marylanden Baltimore inguruan iparraldean eta Virginian Richmonderaino gutxi gorabehera. Enpresa Euskal Herriko ardoekin hasi nuen, eta Espainiako batzuk ere bai. Gaur beste leku batzuetakoak ere baditugu; Italia, Frantzia, Portugal, Eslovenia, esaterako. Baina orduko filosofia berari eutsi diogu: ekoizle txikiekin, baserritarrekin zuzenean lan egitea. Normalean Euskal Herriko enpresek produktu oso ona egiten dute, baina baliabide gutxi daukate kanpora irteteko, marketinerako. Eta hemen esan ohi da marketina dela garrantzitsuena. Gure berezitasuna da hemen ordezkaritza egitea, merkatua ondo ezagutzen baitugu. Hemen zein da zuen bezeroa? Gure bezeroak dira jatetxeak, sukaldariak, hotelak, denda espezializatuak. Bezero handietako bat Whole Foods katea da; produktu organikoetan lan egiten dute, eta sare oso zabala daukate. Hemen Jose Andres chef-arekin lan asko egin dut, berak ere lan handia egin du gure produktuak sustatzen, eta enbaxadore bezala pertsona garrantzitsua da. Ziaboga proiektua aurkezten egon berri naiz Utahn. Euskal Herriko hiru ekoizlerekin egindako proiektua da, bata Getariakoa, bestea Bizkaikoa eta Arabako Errioxakoa hirugarrena. Aipatu dituzun herrialdeak Europako Batasunekoak dira, eta aurrerantzean arantzelak izango dituzte. Kalkulatu duzue nola eragingo dizuen? Neurriak zer ekarriko duen oraindik ez dakigu. Eta ezin izan dugu askorik egin. Ez genekien zenbateko muga zergak izango ziren. Hasieran 200ekoa ere izango zela esan zuen Donald Trumpek. Lehen agintaldian %25ekoa jarri zuen 14 gradu baino gutxiagoko Europako ardoentzat. Oraingo honetan, ez genekien zer izango zen. Orain badakidanez %20koa izango dela, ikusiko dugu nola moldatzen garen. Azken kontsumitzaileei iritsiko zaie zerga hori. Horrek prezio guztiak garestituko ditu, ez ardoan bakarrik, sektore guztietan baizik. Kaltea guztientzat bada, kalte horretan besteak baino hobeto irteteko erarik? Kalte egingo digula uste dut, baina ez dakit, beste ardo batzuen aldean. Frantziako ardoa beti gu baino gorago dago. Euskal Herriko txakolina ondo sartu da. Ezer onik izango duen? Nork daki, baina ardo mundurako ez da ona. Erosten duzuna %20 garestiago ordaintzea ez zaio inori gustatzen. Soldatak ez dira igoko, eta bakoitzak diru gutxiago izango du. Kontsumitzaile estatubatuarraren profila desberdina da Euskal Herrikoaren aldean. Bai, bezeroa oso desberdina da. Hemen commodity deitzen diote (luxuarekin lotuta). Baina arazoa denontzat da. Jendeak ardo gutxiago erosten badu, jatetxeetan ere dena garestituko da, horrek jende gutxiago joatea ekarriko du, eta gure bolumenari ere eragingo dio, noski. Ardo ekoizleak ere nonbait saldu beharko du hemen saltzen zuena, beste bide batzuk aurkitu beharko ditu. Aurretiaz neurririk hartzerik izan duzue, ohi baino gehiago inportatzea adibidez? Hemen egongo balitz produktua mereziko zukeen biltegia betetzea, baina, noski, kanpotik datorrena ezin duzu goizetik gauera bete. 30-40 egun behar dituzu, eta prebisioak ere oso zailak dira. Ezin da jakin. Gero ez dakizu ondo salduko duzun ere, horregatik gaude geldi samar. Ez dakigu zer gertatuko den; igual merkatuak onartuko du, edo igual ez. Ez dakigu zer egin. Zailena hori da, ez jakitea. Euskal marka ezagunagoa da azken urteotan? Lan ona egiten baduzu, edozein lekutan zure izena eta produktua saltzeko ahalmena izango duzu. Eta Euskal Herrian produktu onak ditugu. Hemen, AEBn, egoteko, lan asko egin behar da, baina gero lan horrek fruituak ematen dizkizu urteetan zehar. MUGA ZERGAK «Azken kontsumitzaileei iritsiko zaie zerga hori. Horrek prezio guztiak garestituko ditu, ez ardoan bakarrik, sektore guztietan baizik»