28 ABR. 2025 Baionako terrazek arau zorrotzak bete beharko dituzte urriaren 1ean Terrazen araudi berria martxan izanen da Baionan urriaren lehenetik aitzina. Altzariak, koloreak... hiriak espazio publikoaren okupazioa arautu du, eta profesionalek irailaren bukaera arteko astia dute egokitzeko. Profesional batzuek desadostasuna agertu dute. Baiona Ttipiko ostalari batzuk araudiarekin kexu dira. (P. BELTZAIZ) Francois BERLAND BAIONA Ostalariek espazio publikoari ematen dioten erabilera arautzeko, 2019an plantan ezarri izan zen Baionako terrazen karta ez da sekula aplikatua izan. Covid-19aren krisiarekin, honen aplikazioa bertan behera gelditu zen, profesionalei haien jarduerarekin segitzen laguntzeko. Baionako Herriko Etxeak erabaki du dokumentu hori gai zerrendan sartzea, eguneratuz eta zenbait zehaztasun gehituz. Helburua arauen argitzea da, bai espazio publikoaren okupazioari buruz, bai bertan erabiltzen diren altzariei buruz. Araudiaren bertsio berria Ostalaritza Lanbideen eta Industrien Batasunarekin (Umih) eta Merkataritza eta Artisautza Erakundeen (OCDA) laguntzarekin egina da, eta urriaren 1ean ezarriko da. ALTZARIAK ETA KOLOREAK «Kontua ez da desbideratze bati erantzutea, baizik eta araudiari egokitzeko beharra gogoraraztea bakoitzari. Egokitzapen gehienak altzarientzat dira, eta horiek kalitatezkoak, harmoniatsuak eta soilak izatea nahi dugu, Baionako hirigunearen irudiarekin bat egiten duen kolorimetriaz», adierazi du Marc Andrieu merkataritza araudiaz arduratzen den zuzendariorde nagusiak. Araudiak aitzineko akordioak barne hartzen ditu, eta espazio publikoaren uniformizazioa inposatzen du. Aluminiozko mahai distiratsuak, kadira txirikordatuak, terrazen erdian diren publizitate euskarriak eta eguzkitik edo euritik babesten duten itzalkinen bukaera da. Dupen ezartzeko baimena Errobi bazterrean kokatuak diren eraikinek bakarrik izanen dute, barrika bat lau mahairentzat, hain zuzen ere. Mahai altu batzuk onartuak izanen dira, kokapenaren eta oinezkoen zirkulazioaren arabera. Alde estetikoan, kolore zehatzen paleta bat errespetatu beharko da. Profesional batzuk kexu dira. «2022an altzari eta itzalkin guztiak aldatu ditugu. Araudia bete dut, eta aldatzea galdetzen didate gaur. Ezin da proiektu bera inposatu leku guzietan. Eskubidea dut Pannecau karrikan mahai altuak eta aulkiak jartzeko, baina San Andres plazaren aldetik kendu behar ditut. Itzalkinen kasuan bezala, alde batetik baimenduak dira, eta bestetik debekatuak. Bi alde dituen eraikin berdinarentzat, bi araudi desberdin badira», dio Cafe des Pyreneeseko Xina Dulongek.