08 MAY. 2025 Musikaren disidentziak Ritxi AIZPURU Musika pentsalaria Ezarritako guztiarekin disidentea izatea neurri ederra da. Ezarritako guztiarekin? Ezarrita baldin badago, bai. Inposizio orori ezezkoa emateko «ezarri» eta «inposatu» aditzak giltzak dira, disidentziari aurpegia jartzeko ekintzez eta hitzez. Pandemia ezarri zutenek diskurtso apokaliptikoa daramate bizkar gainean. Zaila da disidente izatea ezarritako ororekin. Lehengo guztia ez da hobeago. Denboran emandako ekintzek markatuko dituzte iragan krisiak eta gaurkoak. Lau disidentzia mota aipatuko ditut. Disidentzia feministaren helburua da patriarkatuaren legeak suntsitzea, parekotasuna sustrai. Generoaren eta ageneroaren arteko ika-mika ere hor dago; trans eta queer komunitatea kuestionatzen dute TERF ingurukoek. Disidentzia politikoa feminismotik aztertzea interesgarria izan daiteke edozein botere harremani uko egiteko (“ez lege, ez errege, ez jainko” paradigma gailurrera eramateko), eta, beraz, punitibismoa salatzeko. Osasunaren jakintzak gorputzaren burujabetzan du funtsik gardenena; hortik dator ezarritako osasun ereduarekin disidente izatea, txertoa salbatzaile gisa kuestionatzea, eta hark utzi dituen albo-kalteak ez ahaztea. Elkartasunik handiena gorputzari kasu egitea da, eta inork ez bortxatzea gorputzak osasuna kudeatzeko duen trebetasun eta trebezia. Disidentzia kulturala korronte nagusiei iskin egitea da eta autogestioak ekar ditzakeen onurak gauzatzea. DIY ereduaren sostengua musikaren apaletik dator, musikarien lerroetatik. Autogestioa eta burujabetza dira disidentzia guztien oinarri.