09 MAY. 2025 ERREPLIKA Irudia, memoria eta hutsuneak GAIZKA IZAGIRRE HERNANI Pello Gutierrez donostiarraren lan berriak Euskal Zinemaren Irizar Sariaren Epaimahaiaren Aipamen Berezia lortu zuen Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan. Iñaki Sagastume, David Aguilar Iñigo eta Pello Gutierrezek idatzita eta Gutierrezek berak zuzenduta dago. Zikuñagako (Hernani, Gipuzkoa) Ama Birjina desagertu egin zen 1979an eta bertako biztanleak beren irudi ikonikorik gabe geratu ziren. Hutsune bat horma-hobian. Hutsune kolektibo bat. Hutsuneei buruzko film bat baita hau. Juanmi Gutierrez zinemagilea -Pelloren aita- duela urte batzuk hil zen. Orain, denbora igaro dela, bere filmetara itzuli da eta oso pertsonala den oroimen ariketa bat egin du. Bere aitaren hutsunea eta Zikuñagako Ama Birjinaren irudiaren desagertzea abiapuntu ditu filmak, eta irudien -eta hauen gabezien- garrantzia eta hutsuneak betetzeko beharra azpimarratzen ditu. Nola erabiltzen ditugu eta zenbateko garrantzia ematen diegun irudiei? Bizitzan sortzen zaizkigun hutsuneei aurre egin, hauek bete eta aurrera egiteko beharra sentitzen al dugu une oro? Zergatik ematen diogu balio gehiago jatorrizko irudi bati, bere erreplikari baino? Hiru ideia nagusi horiek jorratuko ditu Gutierrezek, eta, galdera horiei erantzuna bilatu nahian, hainbat testigantza jaso eta hernaniarrei ahotsa eman die. PERTSONALETIK KOLEKTIBORA Zuzendariaren hitzetan: «Dokumental hau irudien bidez sortu da, baina ahotsaren bidez garatu. Nire ahotsak gidatzen du filma, eta protagonisten ahotsek ematen diote jarraipena: iraganeko gertaerak gogoratzen dituzte, desagerpenari buruz idatzi diren dokumentu, arrasto eta testuak irakurriz. Pertsonaletik kolektibora, ikerketa honek herri honen oroimenean arakatu nahi du, irudi ezaren bidez. Eta, aldi berean, galdu berri dugun ahaidearen galeraren aurrean, irudiari eta memoriari buruzko hausnarketa planteatzen du».