GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Artolak nagusitasun handiz menderatu du Peio Etxeberria eta finalerdietan da

Alegiarrak partida bikaina jokatu zuen Eibarren eta une oro kantxan jarri ezinik ibili zen nafarra baino askoz gehiago izan zen. Iker Larrazabalen aurka neurtuko ditu indarrak datorren igandean Gasteizen, finalerako txartelaren bila.

Artolak asko gozatu zuen eskuinarekin eta pilota oso luze jarri zuen. (Endika PORTILLO | FOKU)

Iñaki Artola Buruz Buruko Txapelketako finalerdietan da. Alegiarrak 22-14 menderatu zuen Astelena pilotalekuan Peio Etxeberria, eta Iker Larrazabalen aurka neurtuko ditu indarrak datorren igandean, Gasteizko Ogeta pilotalekuan.

Gipuzkoarra irten zen faborito. Azkenaldian joko puntu onean dago eta Buruz Burukoan espezialista handia da. Peio Etxeberria, aldiz, inspirazioa apur bat galduta dabil eta distantzia laburrean hobeto moldatzen da kantxa osoan baino. Nafarra jokoa nolabait nahastera behartuta zegoen, beraz.

Baina ez zuen lortu. Zenoztarra 1-3 aurreratu zen txokoan utzitako pilota bati esker, baina tantoak apur bat gogortzen ziren bakoitzean antzematen zen Artola askoz gehiago zela. Oso serio jokatuz, zazpi tantoko partziala lortu zuen konturatzerako eta 8-3 jarri zen aurretik. Bereziki aipagarria izan zen takada garrantzitsu horri hasiera eman zion tantoa, 2-3koa: 28 pilotakada jo zituztelako, Artolak pilota bikain moztuta amaitu zuelako, eta Peio Etxeberria fisikoki oso beteta ikusi genuelako. Fisikoki atleta bikaina dela dakigun arren, argi ikusi zen tentsioak lotuta jokatu zuela.

Hortik aurrera, Etxeberriak beti markagailua kontra izan zuen eta presioak gain hartu zion. Asko kostata izan arren, tarteka berreskuratu zuen sakea nafarrak, baina oso trakets aritu zen neurketa aldatzeko aukerak izan zituenean. Sake txarrak, erabaki okerrak, pilotakada aldrebesak... Andoni Gaskue botileroak behin eta berriro eskatu zion aurrera egiteko eta martxa bat gehiago sartzeko jokoari, baina ezin izan zuen inoiz lortu. Saiatu bai, esfortzu ikaragarria egin zuen defentsan atzo ere, baina ez zen batere zuzen aritu une erabakigarrietan.

Artolak, aldiz, ez zuen inoiz burua galdu. Oso adi ibili zen atsedenak eskatzeko garaian adibidez, estuasun iturri bilaka litezkeen uneetan aurkariaren erritmoa apurtuz. Eta batez ere eskuinarekin diferentzia markatu zuen, pilota asko luzatuz eta gehienetan ongi gurutzatuz. Hil ala bizi jokatuz Etxeberriak 14 tanto egitea lortu zuen azkenean, baina jokoan kasik emaitzak erakusten duena baino alde handiagoa egon zen.

«Oso pozik nago. Hil ala biziko partida zen eta nire maila ematea lortu dut. Hasieratik alde polita hartu dut, baina banekien Buruz Burukoa ‘engainosoa’ dela alde horretatik, sei edo zazpi tantoko aldea ez dela horrenbestekoa. Astean zehar hori lantzen saiatu naiz, eta lortu dut burua galdu gabe jokoan sartuta jarraitzea. Finalerdietan egotea gauza handia da, baina orain ahalik eta ongien prestatuko dut hurrengo partida, finalean egon nahi dudalako», adierazi zuen neurketaren amaieran aita izateko zorian dagoen Artolak.

Peio Etxeberria, aldiz, «triste» agertu zen dema amaieran. «Nik egin behar nuena berak egin du. Aurrerapausoa berak eman du, oso ausart jokatu du, eta ni, aldiz, ekimena hartu ezinik ibili naiz. Lotuta aritu naiz, nire maila eman ezinik. Buruz Burukoan batek asko jokatzen duenean besteak ezin izaten du berea erakutsi, eta hala izan da gaur ere. Etorriko da balantzeak egiteko garaia, baina orain pena handia daukat»; horiek izan ziren nafarraren adierazpenak.