GARA Euskal Herriko egunkaria

Aldak iruzurra salatzeko ekintza abiatu du Hendaian

Aldako militanteak, konpentsazio arauari eginiko iruzurra salatzeko, apartamentu batean sartu ziren atzo Hendaian, ekintza «mugagabe» bat egiteko asmoz.

Aldak ohar argia utzi zuen: arauak betetzeko daude. (Patxi BELTZAIZ)

Alda elkarteko kideak 35 metro karratuko apartamentu batean sartu ziren atzo Hendaian. Zubia karrikaren bederatzigarren zenbakian dagoen etxebizitza horren erabilerari buruzko aldaketa jakinarazi ez duen apartamentuaren jabeak egonaldiarengatik galdetzen zituen 85 euroak ordaindu eta, gakoak eskuetan, etxe barnean plantatu ziren hogei bat ekintzaile. “Kazeta” agerkari digitalak jaso zuen albistea.

Aldakoek iragarri zutenez, «ekintza mugagabea» burutzeko asmoa zuten, Euskal Hirigune Elkargoak onarturiko konpentsazio arauari eginiko iruzurra salatzeko. Halatan, etxebizitzaren jabeak legez kanpoko alokairuari uko egin arte bertan segitzeko asmoa dutela ohartarazi zuten.

Era berean, araua betetzen ez duen bitartean, jabeak apartamentua Caporizon, Airbnb, Gites, Rentbyowner, Via Michelin, Booking eta beste hainbat plataformatan eskaintzen duela aditzera eman zuten.

GAURKO HITZORDUA

Herritarrei haiengana bertaratzeko deia eginez, ekintzaileek gaurko lehen hitzordua eman zuten, arratsaldeko 19.00etan, aperitifa baten bueltan, etxebizitzaren krisiari buruz solastatzeko.

Errugbi epaile ohi bat da apartamentuaren jabea. Horren harira, «arauak ez dira errugbi zelaira mugatzen», oroitarazi zuen Xabi Beaucoueste Alda mugimenduko bozeramaile eta Hendaiako Eguneroko Borroken Batzordeko kideak.

Beaucouestek ohartarazi zuenez, urte osorako behar lukeen etxebizitza hau, erabilerari buruzko aldaketa jakinarazi gabe ere, ez dute onartuko merkatu turistikora desbideratzea. Honenbestez, alokatzaileari apartamentua ohiko erabilerara itzultzea eta maizter ohiari zor zaion bermea bueltatzea exijitu zuen Aldak.

LAU URTEKO ALABAREN AITA

Bikote batek alokatzen du Hendaiako hiri barnean kokatzen den apartamentua. Izan ere, errugbi jokalaria eta arbitroa den gizonak burutzen ditu gehienbat plataforma baten bidez eskainia den apartamentua alokatzeko desmartxak.

Sei hilabetez, lau urteko alaba baten aita izan zen etxebizitza horren maizterra. Beste hauturik ez zuenez, kontratu laburra onartzera behartuta ikusi zuen bere burua. Hala eta guztiz, epealdi hori agortzear zelarik, legearen aurkako kontratuaren luzapena galdetu zuen. Alta, errentatzaileak erantzun zuen gertuko lagunentzat behar zuela etxebizitza. Beste aterabide batzuk xerkatu arren, xantzarik ez zuen ukan eta geroztik maizter ohia «kanpin denda baten azpian bizi da», Aldako ekintzaileek salatu zutenez. Elkarteak ohar argia utzi zuen: arauak betetzeko daude. Legeari iruzur eginez, etxebizitza alokagai ematen duen orok 100.000 euro arteko isuna arriskatzen duela oroitarazi zuen.