30 MAY. 2025 BAAVGAI BOLOHSON Arnasa hartzea luxua denekoa G.I. HERNANI Ez da erraza film mongoliar bat pantaila handian ikustea eta, are gutxiago, bertako emakume zinemagile batek egindako lan bat; beraz, “Baavgai Bolohson” (“Si yo pudiera hibernar” gazteleraz) aukera ederra izan liteke horretarako. Ulzii izeneko nerabeak fisikako lehiaketa bat irabazi nahi du beka bat lortzeko. Amak baina, lana aurkitu du mendian, eta anai-arrebekin utziko du negu betean. Amaren utzikeriaren aurrean, eta prekaritate ekonomikoak zein anai-arrebak zaintzeko ardura horrek eraginda, ikasketei uko egingo die. Premisa horren aitzakiaz, Zoljargal Purevdash zuzendariaren lehen film luzeak Ulan Batorreko yurten barrutiko bizi-baldintza zailak ditu ardatz. «Yurtetan ez dago ez iturriko urik, ez berokuntza sistemarik. Abiadura handian hedatu da azken 20 urteetan eta hazten jarraitzen du nomadak hirira migratzearen ondorioz. Ulan Batorreko herritarren erdiak han bizi dira, hiriaren azaleraren %60 inguru okupatuz. Ikatza errez lortzen dute berotzea, eta hori da, hain zuzen, hiria munduko kutsatuenetakoa izatearen arrazoietako bat», esan du.