GARA Euskal Herriko egunkaria

Gradu bat eta lau master berri eskainiko ditu MUk datorren ikasturtean

MUren kultur jardunaldi bat. (Raul BOGAJO | FOKU)

Mondragon Unibertsitateak bere eskaintza akademikoa zabalduko du 2025-2026ko ikasturtean eta bost titulu ofizial berri (gradu bat eta lau master) eskainiko ditu, bai eta zigilu dual berriak eta Ikus-entzunezko Komunikazioko graduko ibilbide propio bat ere, goi mailako heziketa ziklo bateko adar jakin batetik datozen ikasleentzat.

Zehazkiago, erakundeak jakinarazi zuenez, Kultura eta Sormen Industrietako Gradua, Euskal Kulturaren Eragiletzako Masterra, Elikagaien Hartzidurako Unibertsitate Masterra, Sentsoreen Analisiko eta Kontsumitzaileen Zientziako Unibertsitate Masterra eta Mondragon Unibertsitatea buru duen EU4DUAL Europako Unibertsitate Dualaren Fabrikazio Digital eta Jasangarriaren Ingeniaritzako Europako Unibertsitate Masterra dira titulu ofizial berriak.

Era berean, datorren ikasturterako berrikuntza akademiko nagusien artean, Ikus-entzunezko Komunikazioko Gradua hiru urtean egiteko aukera izango dute Irudiaren eta Soinuaren arloko goi mailako heziketa zikloko ikasleek, graduondoko lau titulu berritan sartuko da zigilu duala eta Negozio Adimenerako Datuen Analisia / Business Analytics Masterra sarean egiteko aukera izango da.

2028RAKO, ERDIAK DUALAK

Datorren ikasturtetik aurrera, Pertsonen Talentuaren Kudeaketa Estrategikoko Masterrak, Erakundeen Nazioartekotzeko Masterrak, Energia Sistema Adimendunetako Masterrak eta Operazio Logistiko eta Produktiboen Zuzendaritzako Masterrak eskainiko dute modalitate duala.

Gaur egun, Mondragon Unibertsitateko titulazioen %60 dualak dira -11 gradu eta 13 master, hain zuzen-, eta ikasleen %30ek eredu horretan ikasten du. 2028rako ikasleen erdiak dualak izatea aurreikusi du.