GARA Euskal Herriko egunkaria

Elikagaiak alferrik galtzearen aurka arituko dira 800 jantoki

«Janaria ez da botatzen» kanpainaren bidez Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 800 jantokik elikagaiak alferrik ez galtzearen inguruan sentsibilizazioa lana egingo dute urtea amaitu bitarte.

Jangarriak diren elikagaiak, hondakinetan. (EUROPA PRESS)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 800 jantoki kolektibok eta 170.000 erabiltzaile eta langilek parte hartuko dute Lakuako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Elika Fundazioarekin batera sustatutako “Janaria ez da botatzen” kanpainan. Elikagaiak alferrik galtzearen aurkako sentsibilizazioa da kanpainaren helburua.

Kanpaina jantoki kolektiboen sektorean oinarrituko da aurten, besteak beste, eskola jantokietan, erakundeetako jantokietan, ospitaleetako jantokietan, egoitzetako jantokietan edo enpresa kantinetan.

«Elikagaiak alferrik galtzeak eragin negatiboa du ingurumenean, ekonomian eta gizartean. Ingurumenaren ikuspegitik, elikagaiak alferrik galtzeak berotegi efektuko gasen isurketak areagotzen eta baliabide naturalak agortzen laguntzen du. Ekonomiaren ikuspegitik, elikagaiak alferrik galtzea galera handia da enpresentzat eta kontsumitzaileentzat», adierazi zuen atzo Amaia Barredo sailburuak. «Gizartearen ikuspegitik, berriz, elikagaiak xahutzeak pertsona zaurgarrienek elikagaiak eskuragarri ez izatea eta horiek eskuratzeko zailtasunak izatea dakar», erantsi zuen Arantza Madariagak, Elika Fundazioaren zuzendariak.

2030erako «txikizkako merkataritzan eta kontsumitzaileengan hondakinak %50 murriztea eta ekoizpen eta hornidura kateetan %20 murriztea» du helburu neurri horrek, eta jantoki kolektiboak kudeatzen dituzten enpresetako langileei nahiz jantokien erabiltzaileei dei egiten die sentsibilizazio kanpainan parte hartzera.

LANKIDETZAREN BEHARRA

Lakuak nabarmendu zuenez, EAEko nekazaritzako elikagaien sisteman elikagaiak alferrik galtzeari buruz 2022ko uztailean argitaratutako azterlan batetik ateratako ondorio nagusietako baten arabera, «alferrik galtzearen bolumen handiena elikadura katearen azken fasean gertatzen da», hau da, etxeetan (%57), merkataritzan (%26) eta ostalaritzan eta sukaldaritzan (%12).

Urte amaierara arte iraungo du kanpainak eta jantokietan posterrak, kuboak eta ur pitxerrak jarriko dira, leloarekin lotutako mezuez. Sare sozialen bidez ere zabalduko dira mezuak eta gomendioak; baita herritarrei zuzendutako eta elikagaiak erosteko eta kontsumitzeko ohiturei buruzko aholkuak eman ere, etxeetan zein etxetik kanpo.

Elikadura sailburuak esan zuenez, elikagaien galeren eta alferrik galtzearen aurkako Legeak eta Europak ezarritako helburuek «elikadura sistema jasangarri baten alde eragile publiko eta pribatuen artean elkarlanean aritzera behartzen gaituzte».

Ekimenak elikagai zerbitzuen bederatzi enpresa hornitzaileren, 800 jantoki ingururen eta erabiltzaile eta langileen artean 170.000 pertsona baino gehiagoren partaidetza eta lankidetza du.