31 MAY. 2025 EL JOCKEY Kaurismäkiren oihartzunak Buenos Airesen Gaizka IZAGIRRE HERNANI Sarri, film baten sinopsiak ezustean harrapatu eta gaizki ulertuak eragiten ditu, pista faltsuak ematen dizkigu; hiruzpalau lerrotan irudikatzen dugu istorioa, asmatu nahi izaten dugu tonua, eta irudimenean eraikitzen ditugu pantailan inoiz iritsiko ez diren klimaxak. “El jockey” filmaren kasuan sinopsia alde batera uztea da gomendagarriena. Ez engainagarria delako, baizik eta zentzumenetan eta atmosferan oinarritzen den lan bat delako, hitzez nekez azal daitekeen esperientzia hipnotikoa baita. Hasiera batean, komedia beltzaren itzalpean eraikitako kirol dramaren forma hartzen du kontakizunak, baina laster uzten ditu errealitatearen ertzak atzean, eta ametsaren eta deserosotasunaren lurralde ilunagoetan murgiltzen da. Remo Manfredini (Nahuel Perez Biscayart), istripu batek kolpatuta, desagertu egiten da, eta Buenos Airesko kaleetan zehar nortasunaren mugak lausotzen diren bidaia bati ekiten dio. Lola izeneko emakume baten identitate berria hartuko du. Eraldaketa honek genero identitateari eta norberaren bilaketari buruzko alegoria bat iradokitzen du. Formalki are bereziagoa da filma: Aki Kaurismäkiren itzala nabari da elkarrizketa neurtuetan, enkoadraketa estatikoetan, antzezpen neurritsuetan eta estetika retroan. Timo Salminen argazki zuzendariak -Kaurismäkiren ohiko kolaboratzailea- kolore asez eta plano simetrikoz eraikitako atmosfera oniriko eta atenporala sortzen du, surrealismoz eta camp-aren keinuz zipriztindua. Logika narratiboa apurtzen duten eszenek istorioaren esanahi sinbolikoa areagotzen dute. Baditu zenbait hutsune, eta hasiera azken zatia baino indartsuagoa da, baina ezin uka nortasun ikaragarria duen obra ausarta sortu duela Ortegak. Onerako zein txarrerako, ikuslea axolagabe uzten ez duten horietakoa.