31 MAY. 2025 Udaltzain postuek «baldintza duinak» izatea eskatu du ELAk GARA DONOSTIA Azpeitiko, Zumaiako eta Getariako udaltzaina izateko oinarriak publikatzear dauden testuingurua baliatuta, ELA sindikatuak «lan baldintza prekarioak ekiditeko» oinarriak aldatzeko eskaera egin zien udalerri horietako gobernuei atzo argitaratutako ohar baten bidez. Azpeitian, Zumaian eta Getarian udaltzainak kontratatzeko prozesua bertan egitea erabaki zuten, eta ez Lakuako Segurtasun Sailak bultzatutako EPE bateratu baten bidez. Erabaki hori txalotu egin zuen ELA sindikatuak, «herritarrengandik gertukoa, deszentralizatua eta euskalduna» izango den Udaltzaingoaren alde. Alabaina, oinarriak aldatzeko garaian soldata duinak eta esperientzia kontuan hartzea eskatu zuen sindikatuak. «800 euroko soldata prekarioak ordaindu ordez, euren lanari dagozkien soldatak ordaintzea eskatu genien. Azpeitiko Udalak erabaki berri du dagozkien soldatak ordainduko dizkiela», aditzera eman zuen sindikatuak. Zumaiako eta Getariako udal gobernuei ere eskakizun bera egin zien. ESPERIENTZIA BALORATZEA «Oinarrietan agertzen diren esperientzia puntuazio testimonialak aldatu eta esperientzia benetan baloratu dadila eskatzen dugu», hori da bigarren eskakizun zehatza. Izan ere, ELAren arabera, udaltzain «asko eta asko» behin-behinean lanean ari dira, eta esperientzia hori baloratu beharrekoa da. UDALTZAINGO EREDUAZ Bestalde, sindikatuak eskatu du, EPE prozesuak herrian bertan eginda, polizia eredua eta zer nolako udaltzaingoa nahi dugun hausnartzeko aukera baliatzea. Urola-Kosta bailarako hiru udalok, EH Bilduren agintepean denak, «herritarren beharretara egokitutako Udaltzaingo eredu hurbila eta komunitarioa» indartu nahi zutela jakinarazi zuten otsailean. Horretarako, prozesu bateratua abiatuko dute, bost udaltzain postu betetzeko. Eta lan poltsa ere eratuko dute, aurrerantzean egon daitezkeen beharrak asetzeko. ELA sindikatuak Eudeli eta tokiko erakundeei dei egin zien lan poltsa propioen aldeko hautua egin dezaten. Azpeitiko, Zumaiako eta Getariako udalek otsailean berretsi zuten bost postu horiek betetzeko prozesuak legezko berme guztiak izango dituela. «Beste udaltzaingo eredu bat egon daitekeela sinisten dugu, udaltzaina lana egingo duen herrian errotuta egon dadin», nabarmendu zuen Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak.