06 JUN. 2025 VARGASOMMAR Mugaz haraindi Gaizka IZAGIRRE HERNANI Hannah Wester protagonista Haparanda-ko polizia-agente ezaguna da. Duela 20 urte gertaturiko Elin alabaren desagertze misteriotsua bihotzean darama iltzaturik, eta bai berak bai senarrak zailtasunak dituzte bizitzaren hariari berriz eusteko. Mugaren beste aldean, Finlandian, aurkituko duen gorpuak droga trafikatzaile odoltsu batzuekin lotura izan lezakeen kasu bat argitzera eramango du. Trama nagusia garatuko den kokalekua ez da ausazkoa: ingurune horren testuinguru sozial, politiko eta ekonomikoak giltzarri izango dira Hannah-k ikertzen duen kasuan. Iparraldeko noir generoan ohikoa den bezala, kokalekuak ez du pertsonaia nagusien azpitik jokatzen. Telesailari giro eta tonu berezia dario etengabe. Coen anaien lanen kutsua du, bereziki “Fargo”-rena, non dena kasu hutsal baten itxurapean hasten den baina ur-tanta txikia dirudiena bizitzak hankaz gora jarriko dituen olatu bilakatzen den: pertsonaien egunerokoa astinduko duen indar ezkutua, istorioaren pizgarria. Coendarrek maiz erabiltzen dituzten osagaiak azaltzen dira hemen ere. Pertsonaia inperfektuek ehuntzen dute istorioaren muina; kontraesanez, zauriz eta isiltasunez beteak, gizatasun zartatuaren ispilu dira. Hannahren paperean Eva Melander suediarra agertzen da, ‘‘Border’’ filmean egindako lan bereziagatik ezaguna. Bere interpretazioak barne-gatazka eta kemena uztartzen ditu modu sotil baina indartsuan. Presentzia hipnotikoa eta aztoragarria izango du ere Kate-ren rola jokatzen duen Eliot Paulina Sumnerrek -Coco Sumner izenez ezaguna-. Thrillerra, drama eta umore beltza nahasten dituen istorio honi leialtasuna, mendekua eta justizia dabilzkio gainean hegaka, istorioaren gainetik beti presente.