GARA Euskal Herriko egunkaria

Karabana


Asia edo Ipar Afrikako basamortu batean zehar bidaia egiten duen gizataldea (merkatari zein erromes taldea, batik bat) adierazten du persierazko karwan hitzak. XV. mende amaieran frantsesak caravane bihurtu zuen karwan, gertaera bera (eta XIX.etik aurrera haren aldaerak) azaltzeko. Hortik, euskarazko “karabana”.

Gaza helburu, Tunisiatik abiatu da kilometro bakoitzean handituz doan karabana. “Sumud” deitu diote ekimenari. Arabierazko hitzak «irmotasuna», «pertseberantzia» adierazi nahi du. Palestinan, balio kulturala edukitzeaz gain, estrategia politiko bat ere bada sumud 1967az geroztik, okupazioaren jazarpenari aurre egiteko.

Denboraren joanarekin, bi sumud eredu garatu dituzte Palestinan. Sumud estatikoa deritzote bati, Ibrahim Dhahakek «palestinarrak beren lurraldean mantentzea»-ren ariketa gisa azaltzen duena. Bigarrenak, “sumud erresistentzia”-k (sumud muqawim), Israelen okupazioari aurre egingo dioten eta hura indargetzen lagunduko duten erakunde alternatiboak antolatzeko moduak bilatzea du helburu.

Sumudaren sinboloetako bat olibondoa da, alegia, palestinarren lurrarekiko atxikimendua adierazten duen zuhaitza. Artelanetan, amaren irudia, haurdun dagoen emakume nekazariaren irudia batez ere, erabili ohi dute sumud adierazteko.

Sumud helburu, egon daitezela karabana gehiago.