23 JUN. 2025 Barkamenak EHSFri Suflari ernegatua Barkamena eskatu beharrean nago, baina gustura egingo dut. Maiatzaren 19an zutabe honetan esandakoak zuzendu behar ditut. Euskal Herriko Surf Federazioaren zuzendaritza berria hautatzeko apirilaren 10ean egin ziren hauteskundeak hizpide izan nituen. Honela nioen: «Laburbilduz, ofizialtasuna bultzatzeko sortu zen zerrendak galdu zuen, besteak beste, enpresa elkarteek eta elkarte arruntek balio berdina dutelako. Balio bera du 20 bazkideko denda baten bozak eta 600 bazkideko elkarte batenak. Alegia, elkarte asanbleario gehienek ofizialtasunaren alde bozkatu zuten arren, hauteskundeak galdu zituzten». Jarraian, ofizialtasunaren inguruko plangintza ez aurkeztea eta isilik egotea egotzi nion EHSFri, eta «momentu historiko honetan, ofizialtasunaren alde ez egitea kontra egitea» dela salatzen nuen. Iritzi artikulua horrela amaitu nuen: «Dirudienez, EHSFk ez du ezer egin nahi, edo ez du presarik. Gustatuko litzaidake egun batean zutabe hau zuzentzeko idatzi behar izatea, oker nengoela aitortu eta barkamenak eskatu behar izatea, baina une honetan arriskatzea tokatzen zait, EHSFri bezala». Hots, arriskatu nuen eta huts egin nuen, EHSFk ofizialtasunaren alde lan egiteko prest dagoela iragarri baitu berriki. Oker nengoela aitortu behar dut eta, lehendakari berria den Irune Agirre mindu banuen, barkamena eskatzen diot. Espero dut egunen batean zuzenean ezagutzeko aukera izan eta idatziz diodana ahoz esan ahal izatea. Izan ere, ekainaren 19an bilkura bat egin zuen EHSFk Getxon, Basque Team akademiaren egoitzan, eta bertara azaldu ziren Gipuzkoako eta Bizkaiko surf elkarteetako ordezkarien aurrean, ofizialtasunaren alde urratsak egiten hasteko prestutasuna azaldu zuen lehendakari berriak. Aitzitik, diagnosiak lehengo bera izaten jarraitzen du: azken urteetan EHSFk ez du ofizialtasunaren aldeko urrats sendorik egin, denbora asko alferrik galdu da, eta, 2022ko urrian Kongresu espainolak batzordean onarturiko Kirolaren Lege berriak euskal pilotari eta surf federazioari nazioartean ofizialki lehiatzeko bidea ireki zionetik, aukera berriak ireki diren une historiko batean aurkitzen gara. Ordea, ezer egin ezean, aukerak, etorri diren bezala, desegin daitezke airean... Ondorioz, presa dugu. Galdutako denbora berreskura ezina denez, egiteko lan asko baitago. Apirilaren 10ean egin ziren EHSFko hauteskundeetatik jada bi hilabete baino gehiago pasa dira, tarte horretan EHSF isilik egon da, baina garrantzitsuena zera da, aurrera begira ofizialtasuna bultzatzeko konpromisoa hartu dela. Interes pribatuak dituztenak ez dira pozik izango, oztopoak jartzen saiatuko dira, baina aldi berean haien egiazko jarrera zein den agerian geratuko da, orain arte sinetsarazi nahi izan baitigute Euskal Selekzioaren aldekoak zirela. Kontrara, surflari multzo handi bat batu eta ilusioa piztuko duen bide berri baten hasiera izan daiteke. Atal honetatik ahal dugun guztia laguntzen saiatuko gara; beraz, zuen esanetara nauzue, nahi eta behar nauzuenerako. Atsotitzak dioen moduan: «Gaizki esanak barkatu eta ongi esanak gogoan hartu». Ez dut Hauteskundeetatik bi hilabete baino gehiago pasa dira, tarte horretan EHSF isilik egon da, baina garrantzitsuena zera da, aurrera begira ofizialtasuna bultzatzeko konpromisoa hartu dela.