GARA Euskal Herriko egunkaria

«Bihar ere laborari» lema hautatu du Lurramak 20. urtemugarako


Aurten bere 20. urteurrena ospatuko du Lurrama azokak datorren 7tik 9ra bitartean Biarritzeko Irati erakustazokan. Laborariek betetzen duten funtzioa aldarrikatuz, geroan ere, «beste hainbat arlotan bezala, gazteak izatea ezinbestekoa dela» aldarrikatuko du laborantza saloiak aurtengo ediziorako hautatu duen leloaren bidez: “Bihar ere laborari”. Sabina Hourcadek sortu du edizio berezi horretarako afixa.

«Lurraman argitarat eman nahi den eredua laborantza herrikoia da, laborari eta etxalde ugarik ekoizten dutena», azaldu zuten Lurrama azokaren antolatzaileek, atzo Ziburun. Laborarien eginbehar nagusia, «lekuko jendearentzat kalitatezko elikadu- ra ekoiztea», eta gizartearentzat premiazkoak diren beste hainbat eginkizun betetzen ditu, ingurumenaren zaintzari begira edota landa eremuan bereziki enplegua bermatzeko helburuz.

Gaur egun, laborari bakoitzaren jardunari esker, sei edo zazpi lanbide badirela zehaztu zuten saloiaren antolatzaileek. Kanpoko hazkundearen bidez hainbat kasutan eta mendi laborantzaren bitartez besteetan, etxalde ttipia oinarri duen laborantza ereduak baizik ez duela geroa bermatuko jarri zuten mahai gainean.

Beste toki batzuekin alderatuta, Euskal Herrian urtero 200 eta 225 laborari artean instalatzen dira; %75ek 40 urte baino gutxiago dituzte.