08 JUL. 2025 TXUPINAZOA JAURTITZEKO EZINEZKO HAUTAGAIAK: BASILIO LACORT UTZI SUZIRIA PIZTEN, EDO ITZULI KALEA Bai, oso ausartak zarete periodiko honetara nire karikatura ekarriz. Ui, ze iraultzaileak... Duela mende eta laurden ikusi nahiko zintuzketedan, hiri erdia nire aurka manifestatzera atera zenean. Zergatik egin zuten nire kontra? Etxe azpian inprimatzen genuen “El Porvenir Navarro” aldizkarian apezpikuen luxuak eta Eskolapioetako apaizen grina txarrak salatzeagatik. Martires de Cirauquin bizi nintzen, orain San Anton deitzen duzuen kale horretan, 1908an hil nintzen arte. Apaizak ez ziren nirekin ahaztu, eta bi hamarkada beranduago oraindik kotxe barrura sartzen ziren prozesioa etxe azpitik pasatzen zenean. Oso alternatibotzat daukazue GARAn zuen burua, baina eskumikatu al zaituzte inoiz apezpiku batek? Ni bai, eta ez behin eta ez bitan, hirutan baizik. Ni eta nire periodikoa irakurtzen zuen oro. Lehenengoan eskumikatu, eta gero egin zuten manifestazio lotsagarri hori, Udalak antolatuta. Eta zuek Ibarrolarekin kexu. Zinegotzi gutxi batzuk kenduta, korporazioa jarri zen manifaren buru. Udaletxeko balkoia ere ireki zioten gotzainari, nire kontra jo zezan. Minimoa da niri ere plaza bera uztea orain. Zer da inprenta askatasuna, erantzuteko eskubiderik gabe? Madrilen Gobernu liberala omen zegoen boterean, baina ai Madrilgo liberalak. Gobernadorea kikildu, eta karlisten aurka onartu zuten berme konstituzionalen etena baliatu zuen nire periodiko kuttunari giltzarrapoa jartzeko. Eta bai, zuek GARA egin zenuten “Egin” itxi zizuetenean, baina nik bi publikazio egin nituen, “El Azote” eta “La Nueva Navarra”. Atera al du Nafarroako erreakzioak zuen aurkako periodikorik? Nire aurka, bai: “La Vieja Navarra”. «Semanario para combatir las doctrinas sustentadas por el que dirige el excomulgado Basilio Lacort». Erronka bota nion Benito Valencia zuzendariari, gure artekoa ezpata-kolpeka konpontzeko, baina itxoiteaz aspertu nintzen. Hiri honetako lehenengo egunkari subertsiboak publikatu izana, establishment deitzen duzuen hori nire kontra jarrita, ez al da nahikoa meritu txupinazoa botatzeko? Erreparazioaren eta justiziaren izenean ere exijitzen dut: Errepublikak Zabalgunean eman zidan kalea San Ferminen izenean ostu baitzidaten gero frankistek. Jokaldi bikaina, ea orain nork kentzen dion kalea saindu beltzaranari.