12 JUL. 2025 Gipuzkoako helduen egoitzetan lanuzteekin jarraitzen dute LABek eta ELAk bakoitzak bere aldetik deitutako lanuzteekin eta mobilizazioekin jarraitzen dute Gipuzkoako helduen egoitzetan. Hirugarren greba eguna izan zuten atzo, hitzarmena negoziatzeko mahaia blokeatuta dagoelako, eta patronala eta Aldundia seinalatu dituzte. LAB sindikatuak Adegi patronalaren aurrean egin du elkarretaratzea. (Jon URBE | FOKU) GARA DONOSTIA Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak kalera atera ziren atzo, lan hitzarmena negoziatzeko mahaia blokeatuta dagoelako. LABek eta ELAk bakoitzak bere aldetik deitutako lanuzteekin eta mobilizazioekin jarraituko dute. Atzo, esaterako, elkarretaratzea egin zuten Adegi patronalaren eta Matia egoitzaren aurrean. LABek ohar batean azaldu zuenez, patronala osatzen duten Matia, Adegi eta Lares enpresen «jarrera ezaxola ikusita», mobilizazioaren eta borrokaren alde egin dute langileek. Diotenez, «entzungor egin diete» beharginen eskakizun eta proposamenei, hauen artean «ezinegona eta haserrea areagotuz». «Arduraz» jokatzea exijitu die sindikatu abertzaleak patronala osatzen duten enpresei eta finantzaketa kudeatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiari. Bere ustez, bi hauen asmoa eredu pribatizatzailea, langileak «prekaritatera kondenatzen» dituena, «betikotzea» da. «Bada garaia bestelako zaintza eredu baten alde pausoak emateko, eta, bide horretan, lehen urratsa litzateke soldatak langile publikoenekin parekatzea, partzialtasuna amaitzea eta ratioak hobetzea. Borondatea behar da horretarako», adierazi zuen LABek, hitzarmen «duin» eta zaintza sistema publiko komunitarioranzko ibilbidea egiten jarraituko duela gaineratuz. ELAk, bestalde, «jarraipen zabala» nabarmendu zuen Miramar Jauregitik Kontxako hondartzaraino egin zuen manifestazioan, sindikatuak deitutako greba egunean. Nabarmendu zuenez, ELAk argi du: hitzarmenaren negoziazioan aurrerapausorik egon ezean, «langileen lan-baldintzak defendatzeko» mobilizazioekin jarraituko dute. ELAk mahai negoziatzailean %60ko ordezkaritza du eta, asteazkenean salatu zuenez, urtarriletik gaur arte burutu diren negoziazio bileretan «patronalek ez dute sektorean dagoen prekaritatearekin amaituko duen inongo edukirik jarri mahai gainean». «Izan ere, azken urteetan kontratuen partzialtasuna izugarri hazi da, eta langileen %40k borondatezkoak ez diren kontratu partzialak ditu. Egoera honek, langileen lan eta bizi baldintzak izugarri okertzeaz gain, egoiliarrei eskaintzen zaien arretaren kalitatea ere nabarmen okertu du. Enpresa pribatuek eta irabazi asmorik gabe deklaratzen diren gehienek mozkinak lortzeko eta negozio logika batean oinarritzen den zaintza sistema eusteko duten nahiarekin bakarrik esplikatu daiteke egoera hau», azaldu zuten sindikatutik. PRIBATIZATZAILEAZaintza zerbitzuen eredu pribatizatzailea «betikotzea» da erakundeen eta patronalaren asmoa, LABen arabera. Langileak «prekaritatera kondenatzen» dituen eredua, alegia.