GARA Euskal Herriko egunkaria
JAIALDIAREN AZKEN EDIZIOAREN ATARIAN

Hatortxu Rocken agur festara hogeita bi eragile batu dira

Hatortxuren agurrarekin bat egin dute 22 eragilek, jaialdiak aurkeztutako manifestua sinatuz. Era berean, datorren 27an, 13.00etan, jaialdiaren barnean egingo den ekitaldi nazionalean parte hartzera deitu dute. Lakuntzak hartuko duen jaialdiaren azken edizioaren atarian, gero eta gehiago dira Hatortxuren agur festa erraldoiaren parte izan nahi dutenak.

Lakuntzan egindako agerraldiaren une bat. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Astebete baino ez da falta azken Hatortxu Rock abiatzeko. Jaialdiak datorren 24an irekiko ditu ateak, baina aspalditik lanean dabiltza antolakuntzako kideak. Lan horien artean, eta jaialdiari «behar bezalako agurra» emateko asmoz, gizarte eragile ugarirekin bildu da antolakuntza, egitasmoarentzat atxikimendua bilatzearren. Arlo ezberdinetako 22 eragilek bat egin dute Hatortxu Rocken agurrarekin. Atzo Lakuntzan egindako agerraldian honen berri eman zuten.

Sare, Harrera, Etxerat, Nafarroako Torturatuen Sarea, Sortu, EH Bildu, Alternatiba, Eusko Alkartasuna, Ernai, Ikama, Xuti, Gazte Abertzaleak, Bf, AEK, LAB, EHNE, ELA, Steilas, Hiru, 40 Minutu, Ezkerraldea Fest eta EDH-k jaialdiarekin bat egin dute. Hau da, alderdi politiko, sindikatu, musika jaialdi eta abarrek ere parte hartuko dute agur festan.

Manifestuan gogora ekarri dute zergatik jaio zen Hatortxu Rock: «Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eta haien senideen defentsarako tresna gehigarri gisa» sortu zela nabarmentzen da, baita «auzolana lanabes izan duela, gauza handiak egiteko aukera emanez».

Azken Hatortxu hau bide beretik joanen da. Nabarmen ikus daiteke jaialdia posible eginen duten boluntarioen kopuruan: 7.049.

“Hator hator neska-mutil etxera” lelopean sortu zen Hatortxu. «Onartzen dugu leloan aipatzen den helburua lortzeko azken pausoa oraindik ez dela eman. “Etxera” hori erabat gauzatu gabe dago», adierazi zuten antolakuntzako kideek.

Konponbidea «luzeegi» doala azpimarratu dute manifestuan, eta konponbide horretan «euskal preso politiko, iheslari eta deportatu guztiak etxean behar ditugula» gehitu. «Etxean diogunean, hitz horren esanahi zabalean diogu: etxean, bai. Baina bizitza duina aurrera eramateko baldintza guztiak beteta: etxebizitza, lana, osasuna...».

Horregatik izanen da agur jaialdi hau «herri honek ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena». Hilaren 24tik 27ra egingo da eta, azken egun horretan, ekitaldi nazionala antolatuko du jaialdiak. Beriain gunean, 13.00etan, ‘‘Etxera!’’ lelopean. Bertan parte hartzeko deia egiten diote alderdi politiko, sindikatu, eragile, herri mugimendu zein norbanako orori, «etxerako aldarria ozen entzun dadin Lakuntzatik Euskal Herri osoan».

NAIZ GUNEA

NAIZek, ia hasieratik bezala, oraingoan ere jaialdiarekin bat egin du, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko aldarria gizartearen bihotzean bizirik mantentzeko konpromisoan.

Horretarako sinatutako hitzarmenak helburu argia du: eskakizunaren ikusgarritasuna eta garrantzia zabaltzea, kultura eta komunikazioa tresna aktibo gisa baliatuta, bertan egotearen zentzua badelako mundura mezu argi bat helaraztea: elkartasuna bizirik dago, eta oholtza gaineko doinuen artean borroka kolektiboaren bihotzak taupadaka jarraitzen du. Informazio guztia NAIZeko webgune berezian jasoko da.

Eta NAIZ Gune berezi bat ere izango du jaialdiak: espazio atsegin eta eroso bat, atseden hartzeko txokoa, terraza, gosariak, taberna eta bestelako zerbitzuekin (mugikor kargagailuak...). Baina, batez ere, pentsatzeko, entzuteko eta elkarrekin egoteko gunea izango da.

NAIZ Gunearen egitarauaren barruan elkarrizketa musikatuak, NAIZ Irratiko zuzeneko emisioak, presoen egoeraren inguruko mahai ingurua, kontzertuak, bingo trabesti musikatua eta beste hainbat ekitaldi egongo dira. Egitarau osoa lerro hauen gainaldeko QR kodearen bidez eskura daiteke.