18 JUL. 2025 KNOW WHAT YOU DID LAST SUMMER Kakodun hiltzailea bueltan da «Know What You Did Last Summer» filmeko eszena bat. (SONY PICTURES) GAIZKA IZAGIRRE HERNANI Udako pantailak odolez eta tentsioz zipriztintzeko asmoz, 90eko hamarkadaren amaierako slasher saga ezagunenetako bat itzuliko da: “I Know What You Did Last Summer” (“Sé lo que hicisteis el último verano”, espainieraz). Saga honen reboot-aren -alegia, berrabiatzearen- atzean dagoen zinemagilea Jennifer Kaytin Robinson da. Aktore eta pertsonaia berriak egongo dira istorioan, baina jatorrizko filmeko pertsonaia ezagunenetako batzuk ere itzuliko dira. Bost lagunek nahi gabe auto-istripu hilgarri bat eragiten dutenean, haien inplikazioa ezkutatu eta, ondorioei aurre egin beharrean, isilpean mantentzeko ituna egiten dute. Urtebete geroago, iragana itzuli egingo da eta egia beldurgarri bati aurre egin beharko diote: pertsona misteriotsu batek badaki zer egin zuten uda hartan, eta zira baten atzean ezkutatuta eta kako hilgarri bat eskuan duela, mendeku hartzeko prest dago. Lagunak banan-banan zelatatzen, jazartzen eta hiltzen dituen bitartean, konturatuko dira antzeko zerbait lehenago ere gertatu dela. Horregatik, 1997ko Southporteko sarraski mitikotik bizirik atera ziren bi lagunengana joko dute laguntza eske. 90EKO HAMARKADA ETA SLASHERRAK “Scream” (1996) filmak izandako arrakastaren ondoren, “I Know What You Did Last Summer” (1997) pelikulak slasher modernoaren gorakada indartu zuen eta, aldi berean, 90eko hamarkadan nerabeentzako beldurrezko zinemaren berpizkundea ere ekarri zuen. Hamarkada osoa markatuko zuen formula bat finkatu zen film honekin: gazteak, sekretu ilunak eta hiltzaile misteriotsu bat atzetik. “Scream” filmeko gidoilari bera izan zen egilea, Kevin Williamson, eta horrek tonu fresko, azkar eta autoerreferentziala eman zion filmari, ikus-entzule gaztearekin konektatzea lortu zuena. Jennifer Love Hewitt, Sarah Michelle Gellar, Ryan Phillippe eta Freddie Prinze Jr. aktore gazteak arrakastara eraman zituen, eta horrekin batera MTV belaunaldiko ikur bihurtu ziren.