GARA Euskal Herriko egunkaria
POKER FACE

Atal independenteak, denetariko istorioak


Rian Johnsonek sortua eta Natasha Lyonne estatubatuarra protagonista duen telesaila da “Poker Face”; bigarren denboraldia estreinatu berri da.

Lyonnek Charlie Cale pertsonaia gorpuzten du: kasino bateko langilea da eta gezurrak antzemateko dohain bitxia dauka.

Kasinoko nagusiarengandik ihesi dabil -aipatuko ez dizuedan arrazoi baten ondorioz-, eta bere dohain hori erabiliz krimen bitxiak argitzen saiatzen da, bidean hainbat pertsonaia deskribaezinekin topo egiten duen bitartean.

Ikus-entzunezkoak ikertzaileak protagonista dituzten “whodunit” izeneko generoaz josita daude, non krimen baten egilea aurkitzeko ahaleginak egiten diren.

Rian Johnsonek kontzeptu hori apur bat eguneratu du “Poker Face” telesailean, “Howcatchem” deritzona gehituta: detektibeen istorio alderantzikatua proposatzen du, non ikusleak hasieratik ezagutzen duen hiltzailea baina poliziak, aldiz, ez. Horrela, narrazioa tentsio eta ikuspegi berriekin garatzen da, detektibea pista berriak aurkitzen saiatzen den bitartean, eta ikusleak prozesuari bertatik bertara jarraitzen dio.

Atal bakoitzak misterio independente bat jorratzen du, eta horri esker hainbat istorioz gozatzeko aukera dago, Charlieren garapenaren hari nagusia galdu gabe. Detektibeen telesail klasikoak gogorarazten dituen formula da, baina Rian Johnsonek aire fresko eta modernoa erantsi dio, elkarrizketa biziekin eta kapitulu bakoitza aberasten duten aktore gonbidatu garrantzitsuekin, hain zuzen.

Pertsonaia xelebreak, elkarrizketa burutsuak eta batzuetan egoera zentzugabeak ditu oinarri, Coen anaien estilo berezia gogorarazten dutenak.

Umore beltza eta misterio generoa maite dutenentzat telesail ezin aproposagoa da.