GARA Euskal Herriko egunkaria
JAWS @ 50

«Jaws» filmaren ondare iraunkorra


Estreinatu berri den “Jaws @ 50” dokumentala “Jaws” (“Tiburón”, gazteleraz, 1975) filmaren 50. urteurrena ospatzeko gauzaturiko lan hutsal bat dela pentsatu zutenak oso oker daude: lan honek filmaren ekoizpenari, ondorio kulturalei eta utzi duen ondare iraunkorrari begirada sakon eta ñabartua eskaintzen dio.

Alderdi tekniko edo historikoetan oinarritutako dokumentalak ez bezala, “Jaws @ 50” bere ikuspegi gizatiarragatik nabarmentzen da. Bouzereauk elkarrizketak eta argitaratu gabeko artxiboko materiala uztartzen ditu. Dokumentalak J.J. Abrams, Guillermo del Toro, Jordan Peele, George Lucas eta Steven Soderbergh zinegile ospetsuen testigantzak jasotzen ditu (non daude emakumezko zinemagileak?), eta filmak haien ibilbidean izan duen eragina azpimarratzen du.

Nabarmentzekoa da ere erakusten duen guztia ez dela polita edo urteen poderioz idealizatzen joan dena: filmaketa lana oso problematikoa izan zela agertzen da, eta Steven Spielbergek erronka horiek bere osasun mentalari nola eragin zioten azaltzen du, adibidez. Marrazoek sortu zuten kultur fenomenoa ere jorratzen du dokumentalak, animalia horiekiko eragin zuen beldur irrazionala barne.

Narratiboki eta egitura orokorraren koherentziari dagokionez, nahiko arrunta dela esan behar da: filmak ez du egitura formal zehatzik, gertaeren azaleko kontakizun kronologikoaz harago. Era berean, ez du narrazio sekuentziarik eraikitzen denbora-lerro linealaren barruan, eta guztia apur bat kaotikoa da.

Alde horretatik, 1995ean Bouzereauk berak zuzendu zuen dokumentala, alegia, “The Making of Steven Spielberg’s ‘Jaws’”, askoz osatuagoa iruditzen zait.