22 JUL. 2025 Ontziak katuen aska bihurtuta Kaleko katuei jateko toki egoki bat eskaintzeko, birziklatze enpresa baten hiru edukiontzi zahar aska bihurtu dituzte Iruñean. Beira-edukiontzi zaharrak, egokituta eta apainduta. (IRUÑEKO UDALA) GARA Iruñeko Etxabakoitz auzoan beira-edukiontziak kaleko katuentzako aska bihurtu dituzte. Ekimen honetan Antsoaingo El Cuervo Blanco arte eskolak parte hartu du, aldez aurretik egokituak izan diren iglu formako edukiontziak apainduz. Birziklatze enpresa batek emandakoak dira edukiontziok eta bakoitzaren egokitzapena 1.300 euro inguru kostatu da. Eskolako arduradunak, Itxaso Razquinek, hainbat proposamen egin ditu proiektu honetarako bere ikasleekin, Animalien Arretarako Udal Zentroak eskatuta. Guztira, 4 eta 21 urte bitarteko ehun pertsonak baino gehiagok diseinatu dituzte irudiak, eta beren lana eta sormena eskaini dute kolorez betetako katazulo abegikorrak apaintzeko, estetikoki ederrak izateaz gain, ingurumenarekiko errespetuaren eta animalien zaintzaren inguruan kontzientziatzen laguntzen dutenak. Eskolak eskuzabaltasunez lagundu du, erabilitako materiala bakarrik kobratuz. Egindako lana eskertzeko, joan den ekainean eskolak arte urbanoaren inguruko festa bat egin zuen, eta Iruñeko Udalak diploma bat eman zion proiektuan parte hartu zuen pertsona bakoitzari.