08 AGO. 2025 MICHELineko lanetik, artzain izatera Unai Lekuona arabarraren kasuan, gertuko senideek ez zuten artzaintzarekin lotura esturik; bai, ordea, bere birraitonak. Unai Lekuonak ondorengoei ere transmititu nahi die zer den artzain lana. (Jose ZALDUA) Angel LASA Ekipo baten lanaren emaitza dira Lekuona gaztak. Arabako Araia herrian, Unai Lekuona gaztak egiten hasi zenetik gurasoen eta Marta emaztearen laguntza izan du, eta azken garaiotan Makel eta Jule seme-alabena ere bai. Ondo egindako lanaren seinale, Ordiziako txapelketan bigarren postua lortutakoa da Lekuona, eta hori ez dago edozeinen eskura. Unai Lekuonak Fabrikazio Mekanikoa ikasi ondoren Gasteizko Michelinen lanean hasi zen. Gurasoak ez ziren artzainak, baina birraitonak ba omen zituen ardiak. Bera izeba baten bidez gerturatu zen landa mundura duela 26 urte baino gehiago. «Artzain izaten eta gaztak egiten beste artzain batzuen bidez ikasi nuen, eta ikastaroak eginda, bai Arantzazun, bai Arkautin, eta Idiazabalen ere bai. Ondoren, beti saiatu naiz ikasitakoa eguneratzen. Eta batez ere praktikarekin ikasten duzu», esan digu. Artzain izan den urteotan ez du aldaketa nabarmenik ikusi gaztak egiteko moduan; bai, ordea, artaldea kudeatzeko orduan. Askoz gehiago zaintzen dira orain animaliak. Tresnerian ere hobekuntzak izan direla kontatu du; baina, lehen bezala, orain, gakoa ahalik eta esne garbiena lortzea da.