11 AGO. 2025 Berriz jarri Surflari ernegatua Aurten olatuak alfertuta dabiltza, aspaldi ez da itsaski duin bat sartu Kantauriko hegian. Soilik abuztuaren 6an eta 7an izan genuen surf egin ahal izateko gutxieneko itsaskia. Biharamunean, abuztuaren 8an, oraindik olatutxo batzuk hartzeko aukera izango genuelakoan jaiki nintzen, baina itsasoak berriz ere atseden hartu zuen, beraz, bainu bat hartzea erabaki nuen. Goiz ederra; haizerik ez, itsasoa garbi, eguzkia distiratsu, giroa epel, eta uhin lerroak bai, baina txikiegiak, jada adinak eta kuadrillako afariek tripa puztu digutenontzat. Marea biziak izaki, goizean itsasbehera zen, eta Zarauzko hondartzak ohikoa baino handiagoa zirudien. Hondarra gogor ur-ertzean, ibilalditxo bat egiteko ezin hobea, eta bigun goialdean, etzanda, eguzkitan kiskaltzeko asmoa zutenentzat. Laster ohartu nintzen zerbait arraroa bazela, eta turisten telefonoek hartu nahi zuten irudia zer zen begiratu nuen. Hondartzaren mendebaldera begiratzen zuten, moilaren gainean dagoen Santa Barbarako hormara, eta komentarioak egiten zituzten: «Ez da mugitzen, lotuta dago?», «zer esan nahi du?», «nortzuk dira?», eta abar. Ilbetea baliatuz, eta gaztetasunak ematen duen indarrarekin, norbaitek pankarta erraldoi bat jarri zuen, Zarauztik ihes egin eta fusilatua hil aurretik, Txikik eskalatzen zuen horman. Berak irekitako bideak oraindik hor daude, nahiz eta 90eko hamarkadan beste pankarta bat kentzeko bertaratu ziren ertzainak guztiak txikitzen saiatu. Txiki eta Otaegiren argazkiak eta ikurrina bat zituen pankartak, eta honako goiburua zuen: “1975-2025”. Sinplea, lemarik gabekoa, baina esanahi handikoa. Ikusi nuenean sekulako poza sentitu nuen, harro sentitu nintzen. Ez zen beste gairik hondartzan, ezta kalean ere. Abertzaleak gustura, baita udatiar katalan batzuk ere, eta urrunagoko atzerritarrak jakin-minez, jendeari galdezka. Beste askok, gazteek batez ere, ezta ideiarik ere pankartako bi aurpegiak norenak ziren. Eta noski, ezker abertzalea etsai nagusitzat dutenak amorratzen egongo ziren; Jeltzale batzuk, faxistak, Guardia Zibilak, GKSkoak, eta abar. Pankartak egun bakar bat iraun zuen, memoriak etsai boteretsuak baititu. Iragan hurbilaz ez du inork hitz egin nahi, ez bada batzuk deabruak eta besteak aingeruak zirela esateko. Eta okerrenak bertakoak dira. Ertzainek edo EITBko kazetariek, adibidez, inoiz ez dute onartu torturen auzian izan zuten ardura (zuzena edo zeharkakoa). Hots, norberaren erantzukizunari iskin egin eta eragindako kaltea aitortzeko gai ez direnak, normala da duela 50 urte gertatutako zerbait oroitarazten duen pankarta batek mintzea, haritik tiraka galdera asko sortzen baitira. Eta noski, deabru bezala aurkeztua izan denak galtzeko gutxi dauka; ordea, aingerutxoek haien errugabetasuna frogatu behar dute, eta hori ezinezkoa da. Taberna batean kafetxoa hartzen ari nintzen emakume bat sartu eta tabernariari pankarta kentzen ari zirela jakinarazi zionean. Harritu egin nintzen, zeren emakumea ezagutzen dut, eta ezker abertzaletik urrun kokatzen nuen. «Baina berriz jar daiteke, ezta?», galdetu zuen. Laster ohartu nintzen zerbait arraroa bazela, eta turisten telefonoek hartu nahi zuten irudia zer zen begiratu nuen. Komentarioak egiten zituzten: «Ez da mugitzen, lotuta dago?»