12 AGO. 2025 Donostiako Txomin Enean beste osasun zentro bat eraikiko dute Lakuako Gobernuak beste osasun zentro bat eraikiko du Donostiako Txomin Enea auzoan, egun dagoena baino handiagoa izango dena. Inguru horretan aurreikusten diren etxebizitza berriek -horien artean kuarteletakoak- biztanleen kopurua hazi egingo dute. Loiolako osasun zentro berria izango denaren irudia. (IREKIA) GARA DONOSTIA Txomin Enea auzoan beste osasun zentro bat eraikiko du Lakuako Gobernuak, Loiolako «egungoa baino modernoagoa eta gaitasun handiagokoa», auzoko biztanleei zerbitzua emateko, aurreikusi baitute datozen urteetan nabarmen haziko dela kopurua. Osasun zentroa auzo berriaren erdian egongo da, Loiola eta Martutene arteko bide erdian, eta zerbitzu gehiago eta irisgarritasun hobea izango ditu. Lakuako Osasun Sailak 9,4 milioi euro inbertitu ditu zentro berri honen obran eta ekipamendu sanitarioaren erosketan. Eraikin berriak Antzieta pasalekuan egun dagoena ordeztuko du, bai eta beste bi lokal atxiki ere. Espazio hori ez da nahikoa une honetan dauden 7.500 herritarrei arreta emateko. Gainera, alderdi horretan eraikitzen ari diren etxebizitza kopuru handia ikusita, datozen urteetan 17.000 pertsonara igotzea aurreikusi dute. Eraikinak Arteleku Plazako lur zati bat hartuko du, Goikoene kalearen ondoan, 3.307 metro koadroko azalera erabilgarria eraikia duena, Loiolako Osasun Zentro berriaren beharrak hartzeko. Zentro berriak lau solairu izango ditu zehazki: Familiako medikuntzako hamaika kontsulta mediko eta erizaintzako hamar kontsulta, Pediatriako hiru kontsulta mediko eta erizaintzako bi kontsulta, emakumeei arreta emateko bi kontsulta, Fisioterapiako bi kontsulta eta gimnasio bat, eta banakako sei lanpostu administrazio arloan. Horiez gain, beste zerbitzu batzuk ere izango ditu zentroak, hala nola sendaketa gela, odola ateratzeko gela, proba osagarriak egiteko gela, larrialdietako gela eta taldeko jarduerak egiteko gela. IKERKETA JARDUERA Nabarmendu behar da osasun zentroak hainbat bulego izango dituela, Biogipuzkoako ikerketa jarduera eta Irakaskuntza Unitatea bilduko dituztenak, eta solairuetako bat, zehazki, hirugarrena, adikzioen zentroa izango dena oso-osorik. Proiektua lizitaziora atera berri da, eta lanak urtea amaitu baino lehen hastea espero dute. Obrak egiteko 24 hilabeteko epea izango dute. LAU SOLAIRUZentroak lau solairu izango ditu: Familiako medikuntzako hamaika kontsulta mediko eta erizaintzako hamar kontsulta, Pediatriako hiru kontsulta mediko eta erizaintzako bi kontsulta, emakumeei arreta emateko bi kontsulta, Fisioterapiako bi kontsulta eta gimnasio bat.