18 AGO. 2025 Dagoena dago Surflari ernegatua Pipeleine Banzai, Oahu uharteko olatu beldurgarria hartzen lehena Phil Edwards izan zen, nahiz eta meritu guztia Greg Nollek eraman zuen, olatuaren parean bere bainu jantzi zuri-beltzarekin hartutako argazkiak izan zuen arrakastarengatik. Gainera, munduari buelta eman zion argazki hori atera zutenean ez zen itsasoratu Noll, baina horrela da mundua, eta horrela idazten da historia, errelatoak errealitatea desitxuratzen du, eta dominak batzuentzat izaten dira, finean dena baita politika. Tira, txapa hau guztia, esateko, Edwardsen iritziz, hondartzan hartutako olatu bat ez zela erabat osatua, amaieran, taularen lemak hondarra jotzen ez bazuen. Ideia hori apur bat garatu zuen Dale Webster kaliforniarrak. Surf saio bat «osoa» izateko gutxienez hiru olatu hartu behar zirela eta azken olatuarekin hondartzaraino iritsi behar zela zioen, eta horixe bera egiten hasi zen 1973an, 25 urte zituela, Kalifornia hegoaldea utzi eta iparraldera bizitzera joan zenean. Sonoma konderrian dagoen Bodega hondartzan itsasoratzen hasi zen. Bi urte geroago, 1975eko irailaren 3an, itsaski erraldoi bat izan zen, “Zeelanda Berriko munstroa” goitizena jarri ziotena, eta zazpi egunez kolpatu zuen Kaliforniako kostaldea. Webster egunero itsasoratu zen, egunero gutxienez hiru olatu hartu zituen, eta azken olatuan urertzeraino joaten zen. Eta horrela jarraitu zuen 2015eko urriaren 5a arte. Etenik gabe. Uraren tenperaturak 12 graduak inoiz gainditzen ez dituen ur hotzetan itsasoratzen zen, sarri bakarrik, marrazo zuriz inguratuta. Eta horrela, 14.642 egun egin zituen jarraian, alegia, 40 urte, hilabete eta egun bat. Esan daiteke, 1975eko irailaren 3an itsasoratu eta 2015eko urriaren 5ean lehorreratu zela. Denbora horretan guztian, sekulako sakrifizioak egin behar izan zituen bere buruari ezarritako misioari eusteko. Surf egiteko denbora kenduko zioten lanak ekidin zituen, itsasotik gehiegi ez urruntzearren ez zen barnealdera oporretan joaten, lesioak ekiditeko neurri zorrotzak hartzen zituen, eta etxeko lorategiko belarra ere ez omen zuen mozten, min hartzeko beldurrez. Gripearekin, belarriko minarekin, orkatila bihurrituta eta beste hainbat arazorekin ere, itsasoratzen jarraitu zuen. Emaztea hil zenean ere ez zuen huts egin. Eta azkenean, adinak eta gaitzak bultzatuta atseden apur bat hartzea erabaki zuen, 67 urterekin, nahiz eta, lasaiago, itsasoratzen jarraitu. Pasatu den abuztuaren 9an hil zen arte, 76 urterekin. Ezagutzen dut nire herriko surflari ohi bat, urte batean egunero itsasoratu zena, olatuak handiak, txikiak, onak edo txarrak izan. Gaztea zen orduan. Gerora, argaldu nahi zuenean itsasoratzen zen, eta adin batetik aurrera, edozer eginda ere sabelak puztuta jarraitzen zuenez, pixkanaka surf egiteari utzi zion. Dale Websterren istorioa irakurri dudanean, harekin oroitu naiz, baina ez biek egunero itsasoratzeko hautua egin zutelako, biek antzeko esaldi bat errepikatzen zutelako baizik: «Soilik aldizkarietan dauden olatu perfektuak bilatzen ditugu, baina hondartzara iristen zarenean, dagoena dago, eta dagoenarekin moldatu beharra dago». 14.642 egun egin zituen jarraian, alegia, 40 urte, hilabete eta egun bat. Esan daiteke, 1975eko irailaren 3an itsasoratu eta 2015eko urriaren 5ean lehorreratu zela.