22 AGO. 2025 THE NAKED GUN Umore absurdoaren printzak Liam Neeson eta Pamela Anderson dira filmeko protagonistak. (IParamount Pictures) GAIZKA IZAGIRRE HERNANI Komedia absurdoaren zaleak garenontzat, 80ko hamarkada oso garai berezia izan zen: urte horietan estreinatu ziren, adibidez, “Top Secret!”, “Airplane!” (“Aterriza como puedas” espainieraz) eta “The Naked Gun” (“Agárralo como puedas” espainieraz). Bada ia 40 urte geroago “The Naked Gun” (Agárralo como puedas” espainieraz), filmaren reboot-a estreinatuko da. Kasu honetan, Leslie Nielsen ez da protagonista izango (2010ean zendu zen); haren ordez, Liam Neeson egongo da: Frank Drebin Jr. izango da, jatorrizko filmeko protagonistaren semea, aitaren urratsak jarraituko dituen agente traketsa eta baldarra. Aldi berean, aitaren itzala baino gehiago dela erakutsi beharko du, Beth-ekin (Pamela Anderson) kolaboratzen duen bitartean. Beth nobela kriminalen idazlea da, eta bere ustekabeko aliatu bihurtuko da. Oraingoan, Liam Neesonek eta Pamela Andersonek Leslie Nielsen eta Priscilla Presleyren lekukoa hartuko dute, jatorrizko trilogia kultura fenomeno bihurtu zuen komediaren izpiritu zentzugabea egungo garaietara ekarriz. Filmak jatorrizkoaren estiloari eutsiko dio: gag absurdoak, elkarrizketa ziztatzaileak eta egoera ezinezkoak. Nahiz eta gaur egunerako produktua izan, sagaren ondarea errespetatuko du. Izan ere, urteen poderioz, frankizia ezaguna egin da umore absurdo eta parodikoagatik, eta proiektu berriak jatorrizko espirituari eutsi eta belaunaldi berriekin konektatu nahi duela argi ikusten da, tonu lotsagabea galdu gabe. PAMELA ANDERSON 2024an estreinatu zuen “The Last Showgirl” filmak inflexio puntu bat ezarri du Andersonen ibilbidean. Itzulera esanguratsua izan zen, bai bere aktore ibilbidean, bai irudi publikoan ere. Urteetako gorabeherak eta aldaketak izan ondoren, film honek berriro kokatuko du fokuan, eta, iraganean lagun izan zuen estereotipoaz harago, bere talentua aldarrikatzen duen rola jokatuko du oraingo honetan. Film hori estreinatu eta urtebetera proiektu interesgarrietan murgilduta dagoela dirudi, tartean “The Naked Gun” (‘‘Agárralo como puedas”) eta 2026an iritsiko den “Rosebush Pruning”.