24 AGO. 2025 Entrevista Amaiur Epher Idazlea «Literaturak permititzen du aitzineko belaunaldien lana berritzea» Amaiur Epher idazle baxenabartarrak, «Haize beltza» eleberriaren bidez (Txalaparta, 2025), bidaia literario bikoitza harilkatu du: Tomas idazle gazteari sorkuntza prozesuak eragiten dion krisi existentziala ardatz harturik, XX. mendeko euskal literaturaren ispilu bilakatu du bere nobela. (Patxi BELTZAIZ) ANDREA IBARRA (KAZETA) Zure lehen eleberria, «Profeten iruzurra» (Maiatz, 2021), argitaratu ondotik, «Haize beltza» plazaratu duzu. Nondik heldu zaizu idazten jarraitzeko gogoa? Lehena zen bezala atera nuen eta biziki kontent nintzen. Ez nion lan gehiago eskaini nahi eta ez-borobil izate hori abantaila bat ere badela uste dut: freskoa, gordina, aski punka, ahots nahiko librea zen… Lehen hori kasik enetzat idatzi nuen, baina bigarrenean beste parametro batzuk sartzen dira gogoan. Presente atxiki dut jendea eta horretarako, hein batean, ulermenean lagundu nahi izan dut irakurlea. Honakoan, barne bidaia bat eta euskal literaturaren bidezko ibilbide bat uztartu dituzu. Tomasen krisiak hainbat gauza permititzen zizkidan. Hasteko, genealogia baten bilaketa da liburua, horrek permititu baitu idazle batzuen ahotsaren imitaziotik txatal batzuen sartzea, ipuin labur batzuk; beraz, joko literario bat sortzea, eta miraila bat, Tomasek kontatzen dituen txatal horien eta berari gertatzen zaizkion gauzen artean. Hori Tomasen beraren ahots literarioaren esplorazio bat proposatzeko manera eta, aldi berean, istorioa bera elikatzeko manera da, irakurleari indizeak eman eta, bukaeran, trama nagusiaren korapiloak askatzeko. Tomas idazten ari da; beraz, bere idazketa elikatzen duten elementuak aipatzen ditu. Ez dut imajinatzen literaturaz mintzo ez den idazle bat, batez ere bere eginkizunaz ari baldin bada. Uste dut idazle guztiak beste idazleei so ibiltzen direla, gurean ere gure inguruan egiten den ekoizpenari begira ibiltzen garela. Irakurtzea egin beharreko baitezpadako ariketa da niretzat. Liburuan XX. mendeko euskal literaturaren historia berrirakurtzen da. Zein da aitzineko literatura gaurkora ekartzearen garrantzia? Literatura beltzetik abiatu nintzen eta aski fite ohartu nintzen ene liburu eta zinema erreferentziak 1920. urte inguruan abiatzen zirela. Ez zen nire hastapeneko intentzioa, baina gai hori inposatu zitzaidan eta uste dut, gure egoeran, biziki inportantea dela kapitalizatzea dugun horrekin. Liburua idazketari buruzkoa da, horretaz dihardu obra osoak. Tomas idazleak bere erreferentziak bilatzen ditu, genealogia bat, bere ahots propioa elikatzeko. Horretan zilegi zen hainbat idazle, Tomasek kontsideratzen dituenak, zitatzea, horiei zor dien errekonozimendua ematea. Nik ere, zintzotasun intelektualez, omendu nahi nituelako eta ene zorrak kitatu nahi nituelako agerrarazten ditut argiki. Jean Etxepare, Itxaro Borda, Antton Luku, Jon Mirande, Eñaut Etxamendi boskotea da gehien nabarmentzen, eta beste hainbat arte obra ere agertzen dira liburuan. Literaturari buruzko liburu bat ere bada; hau da, metaliteratura. Istorio baten bidez nahi nuen hori kontatu. Helburua da literaturaren jolas horretan plazer hartzea. Euskal literaturan gako diren autoreak zitatu dituzu, eta aldi berean, horien irakurketa berritu eta testuinguru narratiboan txertatu. Zer rol betetzen dute erreferentzia horiek? Irakasle naizenez, transmisioaren kezkatik, genealogia horren bitartez hizkera literario baten lantzea nuen xede. Ene idazkera historia literario baten barnean eta horren emaitza gisa kokatu nahi izan dut. Atzematen dut azkenaldian abstrakzio handia egiten diogula gure historia literarioari, eta hori kezkagarria da euskarak gaur ezagutzen duen egoeran. Literaturak permititzen du, hizkuntza aberats batekin jostatuz, aitzineko belaunaldiak egin duen lana berritzea, haien lanetan biziki argi baita gure literaturatik edan dutela, Atxagak edo Sarrionandiak, adibidez. Masiboki erdarakadak sartuz idatzi edo kantatzen badugu, adibidez “euskañolez”, hainbatek aldarrikatzen dutena eta egin bezate, arriskua da irakurleria baten baztertzea, kasu honetan Iparraldekoa, eta berdin litzateke gu hasiko bagina frantsesa sartzen. Hala ere, euskara batuaren anbizioa denek elkar ulertzeko manera izatea zen. Gure belaunaldiak herentzia hori guztia jaso du, eta orain, lortuko dugu elkar ez ulertzea. Hori dela eta, nahi nuen balorean ezarri XX. mendeko literatura. Erreferentziak Euskal Herri osoko liburuetakoak dira, baina proposatzen dudan kanon alternatibo hori osoki ekialdekoa da. Informazioz gainezka den gizarte batean, Tomasek inguruko ideiak eta erreferentziak xurgatzen ditu. Tomas mustuka bat bezalakoa da, bere inguruko gauza nahiko intimoak ere kontatzen ditu. Beste literaturetatik inspiratzen da, eta inguruan gertatzen diren gauzez elikatzen da: Jon Trastu bere mentorearekin duen harremana, Alizia neskalagunarekin duena… Egun, informazioz gaindituak gara, konfliktuen berriak ezagutarazten dizkigute, borroka sozialen porrotak… informazio bortitz anitz errezibitzen ditugu, eta prentsa egunerokotasunean ari delarik, literatura beste tenporalitate baten barnean da: denbora lineal horretan etenaldi bat markatu behar dugu literatura sortzeko eta irakurtzeko. Horrek permititzen du distantzia hartzea, eta liburuan ere horrelako zerbait bada: ihesaldi bat, distantzia hartze horren metafora. Ez da bakarrik ekintzari uko egitea, baizik eta distantzia hartzea. Anitz aipatzen da erortzen ari den etxe baten arkitektura hobe aztertzen dugula kanpotik, distantziatik, barnean garenean gure gainean erortzen bada baino. Nola baldintzatzen dute tokiek idazlea? Baionan kokatu dut, han lan egiten baitut, eta ene liburuaren sorkuntza fasea abiatu nuen bukaeran aipatzen den Paul Austerren ‘‘Orakuluaren gaua’’ liburutik. Printzipioz, gure literaturak eta munduak hartzen dira partikulartzat eta besteak unibertsaltzat. Nola ekarri New Yorken gertatzen den istorio bat ezagutzen ditugun espazioetara, unibertsala partikularrera, eta nola kontatu istorio unibertsal bat gure espazioan? Espazio horren deskribapena azkarki pentsatua da liburu honetan. Tomas Baiona historikotik kanpo bizi da, San Izpiritun. Gaur egun, periferia bat da, gentrifikatzen hasia dena. Azken hamarkadetan euskaldun franko hara bizitzera joan da baina, halere, Baionako euskal auzoa, historikoki, Baiona Ttipia da. Hori da gure Baiona, euskaldunona, ikasleena, Bea Salaberrik biziki ongi deskribatzen duena ‘‘Mesfida zaitez’’ liburuan. Hortik ateratzean, beste planeta batean gara, eta urtez urte areagotzen doa; gainerako Baiona Frantzia da, biziki neke da elkarrizketa bat harrapatzea euskaraz karrikan. Liburuak espazio ezberdinak lotzen ditu. Editorea Iruñean duenez, ardatz hori agerian ezarria da. Tokien izenekin, badira zeharka Sarrionandiaren poemei keinuak: gure desagerpen horretan, gure leku-izen erdaratuak geldituko dira, toponimiak atxikitzen baititu gure zibilizazioaren existentziaren azken herexak. Botere politikoak, espazioaren bidez, historian zehar, kontatzen dizkigu hainbat historia. Hori eta hainbat gogoeta agertzen dira espres liburuan; Lavigerie kardinalaren estatua, Jules Ferry eskola: nola zapaltzen gaituztenen izenek ordezkatzen duten gure toponimia, inperioak gure espazioa nola jaten duen, nola inposatzen zaigun espazio hori jendarte eta norbanako gisa. ABSTRAKZIOA «Atzematen dut azkenaldian abstrakzio handia egiten diogula gure historia literarioari, eta hori kezkagarria da euskarak gaur ezagutzen duen egoeran» ERDARATUA «Gure desagerpen horretan, gure leku-izen erdaratuak geldituko dira, toponimiak atxikitzen baititu gure zibilizazioaren existentziaren azken herexak»