28 AGO. 2025 GARAGARDOAREN BITSAK GORDETA DUEN SEKRETUA Garagardoaren aparra ez da apaingarri hutsa: hartzidura prozesuarekin eta proteinen jokabidearekin estu lotuta dago haren iraupena. Suitzan eginiko ikerketa batek azaldu du sekretua zein den. Iazko Oktoberfest jaialdiko irudi bat. (Kirill KUDRYAVTSEV | AFP) Eider CAMPO Zerbeza kopa bateko aparra ez da nolanahiko detailea, haren iraupenak asko esaten baitigu edariari buruz. Eta horretarako hartzidura funtsezko kontua da: garagardoari prozesu hori zenbat eta gehiago aplikatu, orduan eta denbora gehiago irauten du bitsak. Suitzako Eskola Politekniko Federaleko ikertzaileek zazpi urte eman dituzte fenomeno hori aztertzen. Garagardo bakoitzaren hartzidura mota identifikatzeaz gain, ezagutza horiek edozein apar motaren egonkortasuna ulertzen laguntzen dute aplikazio desberdinekin. Suteak itzaltzeko produktu kimikoak horren arabera gara daitezke, edo olioak bereizteko prozesuan ere tresna erabilgarriak izan daitezke. Bigarren kasu hau bereziki deigarria da ibilgailu elektrikoak gero eta ohikoagoak diren une honetan, erabiltzen dituzten lubrifikatzaileek aparra sor dezaketelako eta hori arazo arriskutsua delako. Apar horiek modu selektiboan nola suntsitu ikertzen ari dira orain.