GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Krisia konpondu, sortu zuenaren amarruarekin


Estatu frantseseko presidente Emmanuel Macronek lehenik iragan udan hauteskundeetara deitu eta bere aurreikuspenekin bat ez zetozen emaitzak ikusirik, ezkerreko gobernu bat saihestea izan da haren kezka bakarra. Eragin zuen krisia ez da behin ere baretu; aitzitik, egungo presidente François Bayrouk iragarri konfiantza galdeak areagotu du eta heldu den astelehenean lehen ministro kargua utzi beharko du, segurki. Egoera nahasi horretan, PSko sozialdemokratek proposamen bat plazaratu zuten, ez sobera originala, egia erran; beren hautagaia «ezkerreko lehen ministro bat» izan dadin, LFI Frantzia Intsumisoa bazterturik.

Aurrekontu murriztaileak sostengatzeko aurkeztu konfiantza galdearen aurka bozkatuko duela berretsi zuen PSk, baina hain justu Bayrouren alderdiaren sostengua beharko luke lehen ministro kargua atzemateko, LR Errepublikanoena izanen lukeen arren; izan ere, errepublikano kontserbadoreendako, marra gorria ez da eskuin muturra, LFI baizik. Eta zentro-eskuineko indar guztien sostengua erdietsiko balu ere, NFP ezkerreko fronteko lehen indarra bazterrean utzirik, Macronen aspaldiko amarrua ontzat emanen luke. Oroitu behar da presidente frantsesak ezkerreko gobernu bat galarazteaz gain, ezkerreko blokea zatitzeko ahalegina egin zuela lehen unetik, eta orain hori bera proposatu du PSk Matignongo aulkiaren truk. Aulki hori izanen litzateke Macronen asmoarekiko desberdintasun bakarra. Izan ere, zer-nolako politikak eginen lituzke gobernu berriak? Ez dirudi ezkerreko beste indarrekin aurkeztu zuen programakoak izan litezkeenik, edo haren norabidekoak bederen. Badirudi PSren xede bakarra lehen ministro kargua atzematea dela. Ezkerreko lehen ministroa, ezkerreko programa kontuan hartu gabe.

Europako Gobernuak eskuin muturrarekin lehian ageri dira; Bayrouk berak herenegun iragarri zuen paperik gabeko migratzaileendako arreta medikoa murrizteko asmoa, Keir Starmer laboristaren Gobernu britainiarra ere lehia horretan da... eta bitartean, eskuin muturrak etengabe gora egiten du, Alemaniako AfD neofaxistari inkestek iragarri dioten bezala. Baina hori ez da, antza, «ezkerreko» zenbaiten kezka.