12 SET. 2025 AZKEN PUNTUA Urtetik urtera, udak beroago Iker IBARLUZEA Meteorologoa Uda meteorologikoa joan zaigu eta udazkena iritsi da, nahiz eta, astronomia kontuan hartuz, oraindik egun batzuk geratzen zaizkion udari. Udak aurreko urteetako joera bera izan du. Oso beroa izan da, hau da, batez besteko tenperaturak ohiko baloreetatik oso gora kokatu dira. Datu gisara: ekaina azken 55 urteetako beroena izan da; abuztuko une batzuetan, tenperatura maximoek ohikoa baino 4,5 gradu gehiago eman dute batez beste; eta uda, orokorrean, erregistroak daudenetik izan den hirugarren uda beroena izan da. Prezipitazio aldetik ere eman du zeresana. Ekaina oso ekaiztsua izan da, Tolosaldea eta Goierriko txoko batzuetan uholdeak eta luiziak utzi ditu. Uztaila ekaiztsua izan da, baina amaiera aldera egonkortu egin da. Abuztua, aldiz, oso lehorra izan da, Kantauriar isurialdeko txoko batzuk kenduta. Argi dago, datuak ikusita behinik behin, udak geroz eta beroagoak izateko joerak jarraipena izango duela. Honekin jendeak ez dezala pentsa uda hotzik ez dugunik izango, baina askoz zailagoa izango da. Orain udazkenari eta batik bat neguari dagokie beren aurpegirik errealena agertzea, eurite eta elurte eder batzuekin, datozkigun uda bero eta lehorragoei errazago aurre egiteko. Hala izango ote den inork ez daki, baina sutsuki espero dut hala izatea.