GARA Euskal Herriko egunkaria

EAEko 10.000 haurtxo immunizatuko dituzte bronkiolitis akutuaren aurka

Jaioberriak bronkiolitis akutuaren aurka txertatzeko kanpaina hasi du Osakidetzak. Guztira 10.000 haurtxo immunizatzea aurreikusten dute. Iaz xede-biztanleriaren %90 immunizatzea lortu zen.

Txertaketa kanpainaren lehenengo eguna Donostian. (Maialen ANDRES | FOKU)

10.000 haurtxo inguru immunizatzea aurreikusten duen txertaketa kanpaina hasi berri da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; bronkiolitis akutuaren aurkako immunizazio kanpaina, hain zuzen ere. Katarroaren antzeko sintomak dituen gaixotasun honen aurkako kanpainak martxora arte iraungo du.

Atzo, lehenengo egunean, Osakidetzak azaldu zuenez, gaitz hau izateko arrisku handiena dutenei jarriko zaie txertoa: jaioberriei (kanpaina iraun bitartean jarriko zaie txertoa), hiru urte baino gutxiago dituzten haurrei (lehen asteetan jarriko zaie txertoa), urtebetetik beherako jaioberri goiztiarrei, eta biriketako gaixotasunak, bihotzeko gaixotasunak, gaixotasun neurologikoak edo immunitarioak dituzten bi urtetik beherako haurrei.

Azaldu zutenez, bronkiolitis larria arnas infekzio bat da, eta batez ere bi urtetik beherako haurrei erasaten die. Hasieran, katarroaren antzeko sintomak agertzen dituzte umeek, hala nola mukiak, eztula edo sukarra, baina egun batzuen buruan beste sintoma batzuk azal daitezke, adibidez, arnasa hartzeko zailtasunak, txistuak edo nekea, eta neke horrek esnea hartzean eragiten die haurtxoei.

Iaz, xede-biztanleriaren %90 baino gehiago immunizatzea lortu zenez, %35 murriztu ziren Lehen Mailako Arretako eta ospitaletako larrialdietako kontsultak, eta gaixotasunaren ondoriozko ospitalizazioak %50 gutxiago izan ziren bi urtez azpiko haurretan; ehuneko hori, aldiz, %65ekoa izan zen hiru hilabetetik beherako haurtxoen taldean, Osakidetzak atzo jakinarazi zuenez.

Nirsevimab izeneko antigorputza erabiltzen da txertorako. Sendagai hori muskulu barnean ematen da birusarekin kontaktuan egon aurretik, dosi bakar batean, eta, gaixotasuna prebenitzeaz gain, bronkiolitis akutuaren forma larrienak saihesten ditu.