GARA Euskal Herriko egunkaria

Gipuzkoako erresidentzietan hiru greba egunetara deitu du ELAk

Beste hiru greba egunetara dei egin du ELAk Gipuzkoako erresidentzietan. Sektore honetan borondatezkoak ez diren kontratu partzialak orokorrak direla salatu zuen sindikatu honek. Eider Mendozari eskatu zion gai hau aurrekontuen eztabaidaren erdigunean jar dezan.

Gipuzkoako erresidentzietako langileak, atzo, greba iragartzeko agerraldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gipuzkoako erresidentzietan dauden lan baldintzak direla-eta, hiru greba egun proposatu ditu ELAk hilaren 24, 25 eta 26an, sindikatu honek Aldundiaren aurrean atzo egindako agerraldian adierazi zuenez. Gipuzkoako erresidentzietako langileek jadanik sei greba egun egin dituzte hitzarmenaren aldeko borrokan.

Greba honekin lan jardun osoko kontratuak eskatuko dituzte. «Azken lau urteotan lan kontratu gero eta murritzagoak eskaintzen ari dira», salatu zuen ELAk. Sindikatu honek Eider Mendoza ahaldun nagusiari eskatu zion «erresidentzietako prekaritatearekin eta soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak eta baliabideak eztabaida daitezela aurrekontuetan».

ELAk nabarmendu zuen egun sektore horretako kontratu berrien artean salbuespena dela %100eko lan jarduna duten kontratuak egitea, lan karga berdina badute ere.

AZPIKONTRATAZIOAK

Azpikontratutako langileen kasuan, kontratu partzialak %45 dira. ELAk salatu du kontratu horiek diru publikoarekin mozkinak biderkatzeko eta soldatak ez aplikatzeko mekanismoa dela, bai eta langileak menpeko eta prekario bihurtzeko ere. «Izan ere, lanaldi osora gerturatu ahal izateko, enpresek erabateko disponibilitatea eskatzen diete ordu osagarrien bidez. Egutegien malgutasun horrek kontziliazioa eta bizitza duin bat izatea oztopatzen du», azaldu zuen sindikatuak.

«Bestetik, datua are okerragoa da, Foru Aldundiarenak diren egoitzetako datuei erreparatuta. Gipuzkoan Foru Aldundiak 65 bat egoitza ditu itunduta, 5.000 bat langilek dihardute lanean, gehien-gehienak emakumeak. 65 egoitza horietatik 17 bereak ditu (Eibarko Egogain eta Kabia Foru organismoko beste 16 zentro, lehen udal egoitzak zirenak); hau da, egoitza publikoak dira, nahiz eta langile gehienak azpikontraturik dauden. Bada, zerbitzu horiek lizitatzeko atera dituen azken bederatzi pleguetako informazio publikoa aztertu du sindikatuak, eta ondorioztatu du langileen %55ek kontratu partziala duela», ohartarazi zuen.

FORU ALDUNDIA, PATRONALAREKIN

«Horrek erakusten du Aldundiak bat egiten duela sektoreko patronalek eta enpresa nagusiek aurrera daramaten kontratazio politikarekin», adierazi zuen. Adibideak jartzearren, Gipuzkoako patronal handiena den Matiak 1.300 langile ditu, eta %50ek kontratu partziala du. «Matiak azken urteetan kontratatutako erizain laguntzaileei eskaintzen dien lan kontratu estandarra honakoa da: %70eko jardunaldia, horietatik %40 egutegi batekin eta beste %30 enpresak nahi duenean», salatu zuen ELAk. Beste adibide bat jarri zuen: Biharko Gipuzkoa enpresak 900 langile inguru ditu, eta %60k kontratu partziala du.

«Orokorrean, langileek kontratatua duten lanaldia baino ordu gehiago lan egiten dute hilabetean, ordu osagarrien bidez. Bada, zazpi urtetako borroka sindikal eta juridikoa behar izan du ELAk enpresak hilabetean lan egindako lanordu guztiak hilabete horretan bertan ordaindu ahal izateko langileei», aditzera eman zuen sindikatuak atzo.