22 SET. 2025 ARG(H)ITZEN: TORTURAZ ARGI HITZ EGITEN, TORTURA ARGITZEN Sakanako torturaren memoria argitara Karpeta Urdinak”, “Indarkeriaren Oi(h)artzunak”, “Bi Arnas”, “Non dago Mikel?” edota “918 Gau” bezalako lan oso gomendagarrien ildoari jarraituz, Zinemaldiko Zinemira Sailean “Arg(h)itzen” dokumentala estreinatu da. Dokumentalaren lehen minutuetan, testigantza ematen ari diren zenbait torturatu negarrez ikusten ditugu, guztiz hautsita, bizitako infernua gogoratzen ari direla. Baina irudi horien ondoan ohar bat ageri da: «Dokumentala grabatzerakoan une gogorrak bizi izan ditugu. Baina hau ez doa horretaz, “Arg(h)itzen” dokumentalean ez dira irudi hauek berriz agertuko» . Mezu horrekin argi geratzen zaio ikusleari zein den lanaren helburua: Sakanako herritarrek pairatutako torturen berri eman bai, baina ikuspegia eta salaketa zabalduz, ez soilik sufrimendu gordinean zentratuz. Torturaz baliatzen den Estatuari desafio egiten dio, eta torturaren praktika ahalbidetu duen eraikuntza politiko, legal, judizial eta ideologikoa aztertu eta jendarteratzen du. Datu ugari ematen dira, eta ezin guztiak hemen bildu, baina akaso orokorrena eta agian deigarriena dokumentalari hasiera ematen diona da: 305 km karratu inguruko azaleran, 20.000 pertsona inguru bizi dira Sakanan. 1960tik 2011. urtera bitartean luzatzen den 50 urteko epealdian, bertako 149 herritarrek (gutxienez) jasan dituzte torturak eta tratu txarrak, funtzionario publikoen zaintzapean zeudenean. Lan honek ez du infiltrazioetan oinarritzen diren kontakizun kaskarrek jasotzen duten zabalkunde mediatiko bera izango, eta ezagutzen ditugun zenbait hedabidek apenas eskainiko diote tartea; beraz, ikusten duenak eman dezala honen berri. Elkarbizitza eraikitzeko, gertatutakoa argitara eraman behar da; memoria osoa eraiki eta kontatu. Hori da “Arg(h)itzen” dokumentalak egiten duena.