24 SET. 2025 Nekazaritza ekologikoaren aldeko urratsa egin dute lau udalerrik Mendi lurren kudeaketa abeltzaintza eta nekazaritza eredu ekologikoarekin bateragarria izateko urratsa eman dute Amezketak, Ataunek, Zaldibiak eta Urduñak. Guztira, 3.198 hektareako mendi eremuaren kudeaketa ziurtatzeko prozesuari ekingo diote. Udal eta eragileetako ordezkariak, atzoko agerraldian. (EKO LURRA) GARA AMEZKETA Atzo, Europako Batasuneko Nekazaritza Ekologikoaren Egunean, Amezketak, Ataunek, Zaldibiak eta Urduñak haien mendi lurrak nekazaritza ekoizpen ekologikoan ziurtatuko dituztela adierazi zuten. Agerraldia Amezketako plazan egin zuten, eta bertan parte hartu zuten lau udalerrietako ordezkariek: Mikel Arteaga, Ioritz Berra, Ion Fontenla eta Iker Santocildes, hurrenez hurren, bai eta Judit Gartziak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko lehendakariak eta Uxue Artolak abeltzain ekologikoak ere. Azaldu zutenez, elikagai ekologikoen Europako etiketatze araudia betetzeko konpromisoa hartu dute, eta, horrela, «abereentzako larre eremuak eta baso bilketa guneak nekazaritza ekoizpen ekologikoaren printzipioen arabera kudeatuko direla bermatuko da aurreratzean». Bertan lortutako ekoizpenek Europako nekazaritza ekologikoaren zigilu ofiziala eraman ahal izango dute. Guztira, 3.198 hektareako mendi eremuaren kudeaketa ziurtatzeko prozesuari ekingo diote lau udalerriek; Amezketak 253 ha, Ataunek 1.762 ha, Zaldibiak 283 ha eta Urduñak 900 ha. Agerraldian ezagutarazi zutenez, orain arte mendi lur eremu hauetan historikoki egin den kudeaketak «araudi ekologikoan ezarritako eskakizunak neurri handi batean betetzen zituen. Honenbestez,urrats honek ez ditu aldaketa asko suposatzen». Abere zama egokia izatea, sintesi kimikoko produkturik ez erabiltzea eremu horretan, abereen ongizatea bermatzea eta abereak aldiro ondo identifikatuta egotea dira orain indarrean dauden irizpideak. Larreak eredu ekologikoan ziurtatzeak abeltzaintza ekologikoan dabiltzan abeltzainei larre horiek erabiltzeko segurtasuna eta bermea emango die. Gainera, larreek araudia betetzen dutela ziurtatuta egongo da aldez aurretik, eta abeltzainak ez du urtero, abereak mendi komunaletara igo aurretik, mendiaren administratzailearekin hau egiaztatzen eta dokumentatzen ibili beharrik izango. Nabarmendu zuten ekozipen eredu ekologikoan ez dauden abeltzainek ez dutela arazorik izango mendi lur hauek erabiltzen jarraitzeko. LARRE EKOLOGIKOEN ONURAK Mendi lurrak eredu ekologikoan ziurtatzeak konpromiso tekniko zehatzak betetzea eskatzen du, hala nola lurzoruaren bizitza, emankortasuna eta biodibertsitatea mantendu eta hobetzea, materia organikoaren galera eta higadura prebenitzea, eta baliabide naturalen erabilera arduratsua sustatzea. Sintesiko produktu kimikoen erabilera guztiz debekatuta dago, eta larreetan ager daitezkeen izurriteei zein gaixotasunei aurre egiteko prebentziozko praktika kulturalak lehenetsi behar dira. Paisaia naturaleko elementuak kontserbatu behar dira, eta berriztagarriak ez diren baliabideen eta kanpoko baliabideen erabilera murriztu. Baso bilketa egiten denean, ekintza horrek ez dio habitat naturalaren egonkortasunari edo inguruko espezieen biziraupenari eragin behar. Halaber, larreen erabilerari buruzko erregistro zehatzak jasoko dira, jardueraren jarraipena eta gardentasuna bermatzeko. BERMEABaldintza teknikoak betetzen direla Eneek-Ekolurra Kontseiluak ziurtatu eta bermatuko du. «Neurri hauek betetzeak landa eremuan onura handiak ekarriko ditu, ingurumenaren zaintza eta abeltzaintza ekologikoaren sustapena bultzatuz», adierazi dute.