25 SET. 2025 Musikaren sundak Ritxi AIZPURU Musika pentsalaria Gertuko musikariek badakite garrantzitsua dela kontzertua amaitu ondoren zaleengana hurbiltzea diosala egitera. Ekitaldiaren ondoren musikariak aldagelatik pasatzen dira aurpegia lehortzera, edo blai egindako kamisa aldatzera, garbi baten ordez. Kirola egitea bukatu bezain azkar, maiz denbora faltagatik edo dena delakoarengatik, kirolaria dutxara doa, izerdia garbitzera. Baina uraren azpitik atera eta lehortzen ari dela, galtzarbeari tantak aterako zaizkio. Gorputzak ariketa sutsua bere onera eramateko ordu erdia behar du, gutxienez, azken izerdi tantatxoa botatzeko eta gorputza tenperatura egokira bideratzeko. Beste musikari batzuek, ordea, izerdi sunda barreiatuko dute, eta, izerdi likinetan blai egon arren, zaleengana doa. Musikaria besarkatutako manager, teknikari, lagun eta zaleen arropetan lika bezala itsatsiko da, pega-pega eginda. Halandaze, musikaria bezain izerdi patsetan egon daiteke entzulea, dantzan eman duelako kontzertua, pogoan edo dena delakoan. Etxera iritsi eta kiratsa ez barreiatzeko inon, arroparen esekitokira joan eta prakak, azpiko arropa eta kamiseta eseki ondoren, lotara. Makina bat bider gertatutakoa izango da. Halandaze eta beraz, bustiaren gainetik, ez diet ukatuko besarkada esturik jotzaileari edo entzuleari. Larrutan zaudenean izerdia partekatzea polita da.