26 SET. 2025 [ KRONIKA ] bizi artean hil zuen Francok, duela 50 urte Borrokan eman zuten bizitza Angel Otaegik eta Jon Paredes «Txiki»-k, eta borrokari eman zioten bizia. Fusilamenduek orban kolektibo sakon bat utzi zuten Euskal Herrian eta duela hamar urte kontatu zituen ordukoak Gotzon Aranburu kazetariak. Horiek bilduta sakondu dugu orbanean datozen lerroetan. Mende erdia beteko da bihar. Fusilatutako bost militanteen irudiak, Zarauzko kanposantuan eginiko oroimen ekitaldi batean. (Gorka Rubio | FOKU) Iraitz MATEO Hil zutenek bakarrik dakite nola egin zion aurre heriotzari Angel Otaegik 1975eko irailaren 27ko goiz hartan. Ez senideek, ezta abokatuek ere, ezin izan zioten egunsenti hartan lagundu, gaua militarrez inguraturik igaro zuen goizeko lehen orduetan zortzi polizia boluntariok fusilatu zuten arte. Jon Paredesen inguruan gehiago dakigu, bi abokatu eta bere anaia Mikel fusilamenduaren lekuko izan baitziren. Cerdanyolan izan zen, guardia zibilen eta hainbat boluntarioren eskutik: Txiki metrailatuta erori zen, baina “Eusko gudariak” abesten jarraitu zuen azken tiroa jaso arte. Bizi artean hil zuen Francok. Ezin ahaztu bost urte lehenago indultua eman ziela Burgosko Prozesuaren ondorioz hiltzera kondenatutako ETAko militanteei. 1975eko irailean, aldiz, oniritzia eman zion FRAPeko hiru militante (Xose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia) eta Txiki eta Otaegi euskal herritarrak exekutatzeari. Gehiago ere baziren, hamaika zehazki, gerra-kontseilu ezberdinetan heriotza zigorra ezarri zitzaienak, baina seiri kommutatu zieten heriotza zigorra espetxe-kondena luzeen ondorioz. Horien artean zeuden Jose Antonio Garmendia “Tupa” abaltzisketarra, atxiloketan poliziak larri zauritu zuena, eta Manuel Blanco Chivite donostiarra, FRAPeko kidea. Extremaduran jaio zen Txiki, baina hamar urte zituenetik Zarautzen bizi zen. Oso gazte zelarik sartu zen ETAn, bere anaia Mikelek azaltzen duenez; garai hartan bera ere erakundeko kidea zen. Pilar Borboikoa, orduko Juan Carlos printzearen arreba, zelatatzea zen bere hastapenetako zeregina, hark bere senar Luis Gomez-Aceborekin batera Zarautzen igarotzen baitzituen udak. Antza denez, ETAk Gomez-Acebo bahitu eta euskal presoengatik trukatzeko asmoa zuen, baina poliziak plan hura hondatu zuen, jada prestakuntza lanak aurreratuta zeuden unean. Bere bila zebiltzala jakitean, Jon Paredesek Ipar Euskal Herrian hartu zuen babesa, 1974ko abuztuan; eta handik liberatu gisa itzuli zen, zazpi hilabetez azpiegitura lanetan ibili ondotik Jose Luis Bujanda donostiarrarekin batera. Poliziek “Tip eta Coll” (garaiko bi umorista ospetsu) deitzen zieten bi kideek zuten altuera aldeagatik; biek ihes egin behar izan zuten 1975eko urtarrilean. «Ni, azkenean, Iruñean atxilotu ninduten, huts egindako hitzordu batean, hilabete geroago. Txiki Bartzelonara pasa zen, ETApm-ko komando bateko kide gisa», kontatu du Bujandak. Kataluniako hiriburura trenez bidaia egin zutenen artean Mikel Lejarza zegoen, erakunde armatuan infiltratutako polizia, “El Lobo” ezizenaz ezaguna. Poliziaren arabera, Txikik Donostiako inspektoreorde baten aurkako atentatu hilgarri batean parte hartu zuen, baita agente bat hil zen konde-hiriko lapurreta batean ere. 1975eko uztaila zen, eta Txikik 21 urte baino ez zituen. Gregorio Posadas Zurron guardia zibila 1974ko apirilaren 3an hil zen Azpeitian izandako atentatu batean. Ekintzaren egile izatea ETAko hiru kideri egotzi zieten, tartean Jose Antonio Garmendiari. Urte bereko abuztuan Hernanin atxilotu zuten eta tiroketa batean burmuinean kalte larriak jasan zituenez, lobotomia bat egin behar izan zioten. Azpeitiko Nuarbe auzoko Angel Otaegiri komandoari aterpea eman izana leporatu zioten, poliziak haren etxea inguratu zuen eta bere burua entregatzea erabaki zuen. Mertxe Urtuzaga lehengusuaren esanetan, operatiboaren buruak hau esan zion Otaegiri: «Lastima ez zarela ihes egiten saiatu. Hil egingo zintugun». 1974ko azaroa zen, eta Angelek 33 urte zituen; Mariaren seme bakarra ez zen bizirik itzuliko Nuarbera. Erregimen frankistak erabaki zuen 1974 eta 1975ean hainbat atentatu leporatuta atxilotu zituzten ETAko eta FRAPeko militanteak gerra kontseiluetan epaitzea; hau da, auzitegi militarren eskuetatik pasaraztea. Garmendia eta Otaegiri dagokienez, epaiketa 1975eko abuztuaren 28an egin zen, Burgosko Artilleria Erregimentuko 63. zenbakian. Bost ordu igarota hartu zuen erabakia Jose Urtubia koronela buru zuen auzitegiak: biak hiltzera kondenatzea. Senideak ezin izan ziren epaiketa-gelara sartu, ezta giza eskubideen aldeko taldeek bidalitako begiraleak ere. Txikik Garmendiaren eta Otaegiri ezarritako zigorraren berri Bartzelonako Modelo kartzelan izan zuen, bera Kataluniako hiriburuan izandako lapurretarekin lotutako epaiketaren zain zegoen bitartean. Bere kasuan ere aski izan zen bistako egun bakarra akusatua heriotzara kondenatzeko. Antonio Verges Artilleriako koronelak sinatu zuen epaia irailaren 19an; bertan egotzi zioten Joni tiroen egiletza. Defentsa abokatuek, Marc Palmesek eta Magda Oranichek, hasieratik aurreikusi zuten Txiki exekutatu egingo zutela; «haren aurka bakarrik zuzendutako sumarioa zen. Denok genekien hil egingo zutela», adierazi zuen Oranichek. Miguel Castells abokatu donostiarrak idatzitako agiri bati sinadura eranstea besterik ez zuten lortu, zitalki ez hiltzeko eskatuz. Bitartean, Euskal Herrian mobilizazio masiboak izan ziren heriotza mehatxupean zeuden gazteen alde. Abuztuaren 28an, esaterako, greba orokorra egin zen eta sei manifestari tiroz zauritu zituzten. Abuztuaren 31n polizia batek tiro batez hil zuen Jesus Garcia Ripalda gazte donostiarra, Euskadiko Mugimendu Komunistako militantea, Grosen egindako manifestazio batean. Greba orokorra errepikatu zen Txikiren epaiketa zela eta, eta erantzun handia izan zuen, nahiz eta EAJk berariaz baztertu. Ezarritako zigorren berri izan ondoren, mobilizazioak bata bestearen atzetik etorri ziren Europan, eta Espainiako enbaxadei ere eraso zieten. Lisboakoari, esaterako, su eman zioten. Paulo VI.a aita santuak eta Kurt Waldheim NBEko idazkari nagusiak telegramak bidali zizkioten Francori, heriotzara kondenatutako hamaika lagunentzat errukia eskatuz. Diktadoreak bost kondena berretsiz erantzun zuen. Baena, Sanchez Bravo eta Garcia Sanz Hoyo de Manzanareseko tiro-eremuan fusilatu zituzten, Madrilgo mendilerroan. Otaegi, aldiz, Burgosko Villalon espetxean, eta Txiki, Cerdanyolako hilerriaren ondoan, Bartzelonatik gertu. Espetxeko kideen arabera, Otaegiren agur hitzak honakoak izan ziren: «Euskadirengatik hil behar naute. Ez nago damututa. Gora Euskadi askatuta! Iraultza ala hil!». Paredesek bere anaia Mikelekin igaro zuen exekuzioaren aurreko gaua; bere lau anaia txikien argazki baten atzealdean Euskal Herria ahoz aho zeharkatu zuen Che Guevararen poema bat idatzi zuen: «Bihar hiltzen naizenean/ez etorri negar egitera/Ez naiz inoiz lurpean egongo/askatasun haizea naiz». Exekuzio pelotoiaren tiroak jasotzean “Eusko gudariak” abesten ari zen. Haren gorputzak hamaika bala-zulo zituen ordurako. FUSILAMENDUEN ONDOREN ERE ERREPRESIOA KALEAN Izugarrizko zirrara eragin zuen Euskal Herrian -baita hemendik kanpo ere- Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kideen hilketak. Ez bakarrik fusilamenduak gertatu izanak, baita erregimenak horiek burutzean erakutsitako ankerkeriak ere. Otaegiren ama bost minutuz egon zen semearekin Burgosko kartzelan; ondoezik jarri zen eta alde egin behar izan zuen. Izebak eskatu zuen orduan Angel ikusteko baimena eta ukatu egin zioten behin eta berriz. Hil eta gero ere ez zioten utzi. Txikiren gorpua Euskal Herriratzea debekatu egin zuen Bartzelonako kapitain jeneralak. Zarautzen hileta egin zion apaiza atxilotu egin zuten, baita Txikiren ama ere. Antonia Manotek mikrofonoa hartu zuen hiletan, bere hitz laburrak «Gora Txiki!» ozen esanda bukatzeko. Bi urte geroago baizik ez zuen jaso gorpuzkiak herriratzeko baimena familiak. Heriotzen berri izan orduko hasi ziren protestak Euskal Herriko kaleetan. Grebak, manifestazioak… eta indar errepresiboen erantzun bortitza. Bizkaian balaz zauritutako sei lagun utzi zituen poliziak, beste bi Guardia Zibilak Pasaian, eta zortzi urteko ume bat Donostian. Europan ere mobilizazio ugari izan zen. Ankaran Espainiako enbaxadaren aurka bonba bat jaurti zuten, eta Parisen militar espainol bat oso larri zauritu zuen, tiroka, “Juan Paredes Manot Brigada Internazionala” izeneko taldeak. Madrilen lau polizia hil zituen urriaren 1ean GRAPOk, horietako batzuk labankadaz. Egun berean jendetza bildu zen Oriente plazan, Francori eta erregimenari babesa erakusteko. Franco bera handik bi hilabetera hil zen. «Euskadiren alde» egiteagatik hiltzen zutela eta «ez nago damututa» izan ziren Otaegiren agur hitzak. “Eusko gudariak” abestu bitartean jaso zituen tiroak Txikik