27 SET. 2025 Uxue Juarezek doluaz aritzeko «aparteko mundu bat» sortu du Euskaraz idatzi duen lehenengo poesia liburua argitaratu berri du Uxue Juarez idazle iruindarrak, Balea Zuria argitaletxearen eskutik. «Etxe bat Husaviken» lanaren ardatza dolua da, baina umorez ere jorratzen du gaia, modu jolastian, berak sortutako «aparteko mundu batez» lagunduta. Berak bizitako dolu bat eta Islandiara egindako bidaia bat izan zituen abiapuntu idazle eta irakasleak lan hau egiteko. Uxue Juarez, «Etxe bat Husaviken» liburua eskuetan duela. (Andoni CANELLADA | FOKU) ALAIA SIERRA DONOSTIA “Etxe bat Husaviken” poesia liburua argitaratu berri du Uxue Juarezek, oraingo honetan dolua gai nagusi duelarik. Euskaraz idazten duen lehenengo poema bilduma honetan balea baten eta honen balekumearen harremana du ardatz, isolamendua, mina, natura eta maitasuna gaiak jorratzeko. Juarezek atzo Donostian egindako aurkezpenean azaldu zuenez, «aparteko mundu bat» sortu behar izan du suizidio baten ondoriozko dolua lantzeko eta honetaz hitz egiteko, hizkera eta unibertso propio batekin. Gaineratu zuenez, horrela abiatzea erabaki zuen bere sentimenduekiko «distantzia sortzeko», «hitz egiteko eta ni erdian ez jartzeko modu bezala» eta «unibertsalizatzeko». Doluaz gain, abiapuntua Islandiara egindako bidaia bat izan zen, bertan ikusi zuen «lehenengoz eta azkenekoz» balea bat. Balea Zuria argitaletxearekin kaleratutako liburu honetan amatasuna eta dolua nola bizi diren azaltzen du Juarezek baina, aldi berean, balekumea dolu prozesuaren alde «jostariago» gisa islatzen du. «Haurrak jakin-minetik hurbiltzen dira errealitatera, modu naturalagoan», azaldu du. Balea, aldiz, «askoz sendoagoa da». Aurkezpenean aurreratu zuenez, liburuaren amaieran balearen eta balekumearen arteko elkarrizketa «jolastiago» bat irakur daiteke, zeinean baleak kumeari aholkuak ematen dizkion. Hala ere, Uxue Juarezek ohartarazi zuen poesian ez dela beti benetan gertatu dena kontatzen, fantasia ere badagoela; «ez da zehatz-mehatz kontatu behar». Bera, zehazki, hitzekin jostatu da, urpeko animalia batzuk asmatu ditu eta grafiaz eta puntuazio markez baliatu da etenaldiak sortzeko. UXUE JUAREZ Uxue Juarez Filologia Hispanikoko lizentziaduna da. Hizkuntza eta Literaturako irakasle dihardu Iruñeko institutu batean. Poesia, testu hibridoak eta haurrentzako ipuinak idazten ditu Juarezek. “Cosas que crujen” (2010), “Así Berlín” (2014), “En el principio era la nieve” (2015) eta “Bajo la lengua; bichos” poesia-liburuak eman ditu argitara, bai eta nerabeei zuzendutako “Kai handia” narrazioa ere (Erein, 2022). 2024ko udazkenean Alkizako Sormenaren Kabia Beka lortu zuen Beleburu proiektua garatzen hasteko. Harrezkeroztik EIE Euskal Idazleen Elkarterako eta “Berria”-ko Nafarroako Hitzarako elkarrizketak eta zutabeak idazten ditu. JOLASAPoesian benetan gertatu dena ez denez beti kontatzen, fantasiarekin eta hizkuntzarekin jostatu da Juarez, baita animaliak asmatu eta puntuazio markekin erritmo berezia markatu ere.