03 OCT. 2025 Buxet murrizketen aurkako martxa Baionan: «Planto egiteko tenorea da» Frantziar Gobernuak proposatu dituen aurrekontu murrizketak salatzeko mobilizazioa egin zuen atzo Baionan intensindikalak. LAB sindikatuak ere bat egin zuen ehunka lagun bildu zituen protesta horrekin. «Bortizkeria sozial eta austeritateari planto egiteko, antolatzeko eta mobilizatzeko tenorea da», nabarmendu zuten abertzaleek. Sindikatuek atzo Bainonan egindako manifestazioaren argazkia. (Patxi BELTZAIZ) GARA BAIONA Buxet murrizketak eta oro har langileen eskubideak ahultzeko politika salatzeko, mobilizaziora jo zuen atzo intensindikalak. Baionan hitzordua 10.30ean emana zuen Santa Ursulan. CGTk, berriz, 11.00etarako elkarretaratze bat antolatua zuen, Hendaiako herriko etxearen plazan. Azken asteetan mobilizazioak errepikatu dira Ipar Euskal Herrian. Joan den irailaren 10ean “Blokeatu dezagun dena” mugimenduak protesta eguna egin zuen Lapurdin. Baionan hainbat blokeo ekintza plantan eman zituzten goizean goizetik. Polizia bortizki oldartu zen manifestariren kontra, hala nola gas itogarriak baliatuz. Horren beldur, manifestari gazte batek ibaira jauzi egin zuen. Irailaren 18an 5.000 herritar inguru batu ziren CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa eta FSU sindikatuek Baionan antolaturiko mobilizaziora. LAB sindikatuak bat egin zuen protestarekin. Iragan astean sindikatuek deituriko mobilizazioan 4.000 lagun inguru elkartu ziren. Atzo 2.000 lagun inguru atera ziren kalera. «Bortizkeria sozialari eta austeritateari planto egiteko, antolatzeko eta mobilizatzeko tenorea da», nabarmendu zuen LAB sindikatuak. CGTk argi eskatu zuen: «Austeritatearen buxeta, baita aberatsei eta enpresa handiei eginiko opari fiskalak ere, lurperatzea galdetzen dugu». Horren ordez, larrialdi soziala eta klimatikoa aintzat hartuko duen aurrekontua galdetu zuen sindikatuak. LECORNUREN NAHIAK Sebastien Lecornurekin izandako bileretan lehen ministroaren ahotik entzundako asmoek ez dituzte gizarte eragileen arrangurak baretu, Lecornuk argiki azaldu baitu eskuinarekin akordioa hetsi nahi duela gobernu berria osatzeko. Ildo beretik, zenbait aldaketa iragarri baditu ere -bi jaiegun kentzeko asmoa baztertzeko prest azaldu da- zor publikoari kontra egiteko doikuntza politika ez du zalantzan eman lehen ministro berriak. Irailaren 24an Matignonen izandako bilkuran, François Bayrouk prestaturiko aurrekontu-egitasmoa eta batez ere erretreten erreforma bertan behera uzteko eskaerari buruz «deus argirik ea zutela entzun» salatu zuten intersindikaleko ordezkariek. CGT sindikatua: «Lecornu Bayrouren klon bat da» Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroak proposatutako aurrekontu proiektuaren aurkako manifestazioak errepikatu ziren atzo frantziar Estatuko hiri nagusietan. Gobernuaren datuen arabera, 85.000 bat pertsona mobilizatu ziren eta irakasleen %6 inguruk bat egin zuten grebarekin. «Lecornu François Bayrouren klon bat da», salatu zuen Sophie Binet Lanaren Konfederazio Orokorreko (CGT) idazkari nagusiak BFM TV telebista katean egindako adierazpenetan. Joan den astean, lehen ministroak zenbait lehentasun zirriborratu zituen datozen urteetarako, hala nola Estatuaren gastua 6.000 milioi euro murriztea eta 2026an BPGaren %4,7ko defizit publikoa lortzea. Lecornuk hitzeman zuen ez zuela aurkeztuko «herstura eta erregresio sozialeko aurrekonturik», baina beraren hitzek ez dute lortu sindikatuak konbentzitzea. GARA 2.000 LAGUN2.000 lagun inguru atera ziren kalera atzo, Baionan, sindikatuen deialdi berriari erantzuteko.