GARA Euskal Herriko egunkaria

ERRAZ EROSTEKO AUKERAK EMATEA, AMUITZ MERKATARI ELKARTEAREN APUSTU SENDOA

Batzuetan ez da nahikoa herrian kontsumitu nahi izatea, hori egin ahal izateko aukerak eskura izan behar dira. Herritik kanpo lan egiten duenarentzat zaila da etxe ondoan erostea. Horretaz jabeturik, Amuitz elkartearen helburua Internet bidezko erosketak eskaini ahal izatea da.

Amuitz elkarteko kide batzuk, Maria Carrera erdian dutela. (AMUITZ)

Zaldunbordan eraiki nahi zuten megaoutlet-ari aurre egiteko asmoz batu ziren Hondarribiko merkatariak, duela sei urte, eta Amuitz elkartea eratu zuten. Hogei ziren orduan, eta orain 60 dira. Gehienak emakumeak dira, dendak kudeatzen dituztenak -arropa, artea, oinetakoak, janaria- eta zerbitzuak -ile-apaindegiak, fisioterapeutak, estetika zentroak-. Horien helburua indarrak batzea da euren jardunaren aldeko aurrerapausoak emateko.

Urtean zehar herriko merkataritza sustatzeko ekintzak garatzen dituzte, batez ere urte amaieran marrazketa lehiaketa eta bonuen zozketarekin. Halere, bezeroak aktibatzeko ekintza berriak martxan jarri nahi dituzte. Izan ere, jakin badakite «etsai» handiak direla merkataritza-guneak eta Internet, baina baita jendeak erosketak herrian egiteko denborarik ez duela ere, eta horrentzako irtenbide bila dabiltza. «Jendeak Hondarribian erraz erosi ahal izatea gustatuko litzaiguke. Adibidez, aplikazio bat; horren bidez herriko dendetan erostea posible litzateke. Hori martxan jarri nahi dugu, baina horretarako denbora behar da», esan du Amuitz elkarteko bozeramaile Maria Carrerak.

Une honetan webgunea sortzen ari dira, saltoki bakoitzak bere zerbitzuak eskaini ahal izateko. Horien bidez erositakoa banatzaile batekin edota takillen bidez eskaini ahal izatea nahiko du Amuitzek. «Hondarribian %80 inguruk herritik kanpo lan egiten dute. Merkataritza bizirik mantentzeko, erosi ahal izateko modu moderno bat eskaini behar dugu», aipatu du Carrerak.