25 OCT. 2025 Onuradun Estibalitz EZKERRA Literatura kritikaria Urriko bigarren astelehenean Cristobal Colon omentzen duen jaiegunari kontra egitearren, egun berean ospatzen hasi ziren Herri Indigenen Eguna Ameriketako Estatu Batuetan. Herri indigenei dagokienez, haien aldekoa izan nahi duen ikuspuntu batetik, biziraupena da gehien azpimarratzen den alderdia. Bizirik jarraitu baino askozaz gehiago egin dute kolonialismoaren pean igaro duten denbora luzean. Berezkoa duten sortzeko eta berritzeko ahalmen paregabearen onuradunak izan gara denok behin baino gehiagotan, hala izan denik aitortzen ez bada ere. Zirkulu Polar Artikoaren inguruko herri indigenei soilik aintzat hartuta, kayak hitza zein hitz horrek izendatzen duen teknologia bera nondik datozen azter genezake. Mendebaldeak Gore-tex tankerako arropa iragazgaitzak asmatu baino mende batzuk lehenagotik itsas ugaztunen hesteekin egindako gain-jantzi modukoak (qas’peq, gaur egun zira deritzogun horien aurrekariak) josten zebiltzan Artikoko herriak. Errusiako itsas armadako soldaduak txundituta geratu ziren haiekin, eta metalak, bolbora zein kristalezko aleen truke haiek eskuratzen hasi ziren berehala. Ondoren, Errusian qas’peq-ek sekulako arrakasta izan zuten. Parka izeneko txanodun berokiak Artikoko negu biziari aurre egiteko hango herri indigenek erabiltzen dituzten animalia larruz egindako jantzietan du jatorria. Eta abar, eta abar.