GARA Euskal Herriko egunkaria

Autogobernuan jauzi bat egiteko unea dela adierazi dute Pradalesek eta EH Bilduk

EAEko Estatutuaren 46. urteurrena baliatu zuten atzo Pradalesek eta EH Bilduk, autogobernuan jauzi bat aldarrikatzeko. Lehendakariaren esanetan, gaitasun berriak ezinbestekoak dira, eta EH Bilduren ustez, subiranotasunak bermatuko du etorkizuna.

EH Bilduk Amaiurren atzo egindako ekitaldia. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

EAEko Estatutuak 46 urte bete zituen atzo, eta, Imanol Pradalesek sareetan zabaldutako testu batean aitortu zuenez, oraindik ere bere osotasunean bete gabe dago. Lehendakariaren esanetan, «Euskadik aro berri bati ekin behar dio bere bidean». «Beste jauzi kualitatibo bat eman behar dugu, gaur egun euskal gizartea oso bestelakoa delako eta erronka berriei aurre egin behar dielako», nabarmendu zuen, XXI. mendeko errealitateei XX. mendeko tresnekin aurre egitea ezinezkoa dela ohartaraziz.

«Gaur egun Euskadik gaitasun politiko berriak behar ditu. Erronka berriei, adibidez, migrazioari aurre egiten lagunduko diguten gaitasunak. Eraldaketa industrial eta teknologikoari berme guztiekin aurre egiteko gaitasunak. Eskumen judiziala oso-osorik gain hartzeko gaitasuna, jurisdikzio batasunaren printzipioa errespetatuta. Euskadiren nazio garapena bermatzeko gaitasuna, edo Europar Batasuneko erakundeetan zuzenean parte hartzekoa», gaineratu zuen jeltzaleak, «benetako aldebikotasuna» aldarrikatuz: «Hori oinarri hartuta, gure autogobernua hobetuko duen itun baterantz egiteko garaia da».

«ORAIN DA UNEA»

EH Bilduk ere defendatu zuen jauzi bat egitearen garrantzia. Izan ere, «Nafarroako Foru Hobekuntza eta Gernikako Estatutua ezinbestean eguneratu beharreko marko juridiko eta politikoak dira. Gure autogobernua eta foraltasuna berritu behar ditugu, haien erabilgarritasuna indartzeko. Espainiako Estatuak gure autogobernua behin eta berriro urratzen eta higatzen du, eta egoera hori lehenbailehen gainditu beharra daukagu».

«Atzerapena eta injerentzia ohiko praktikak bihurtu dira, eta uste dugu, apaltasunez baina irmo, herri honek eta bere subiranotasunak ezin dutela itxaroten jarraitu. Orain da unea», adierazi zuten Pello Otxandiano EH Bilduren Gasteizko Legebiltzarreko bozeramaileak eta Laura Aznal EH Bilduren Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak Amaiurren egindako ekitaldian, «zatiketa administratiboen eta ukazioaren gainetik, gure izateko arrazoia bizirik mantentzen duen nazio baten erresistentziaren sinbolo den» herrian.

Azpimarratu zutenez, «gure esku dagoen botere politikoa berreskuratzeko unea da, eta garai honetako erronka handiei, klimakoa, linguistikoa, digitala, migratzailea eta eskubide eta askatasun berriei dagokiena, aurre egin ahal izateko tresnak eskuratzeko unea. Erabat sinetsita eta konbentzituta gaude ez dagoela etorkizun hoberik subiranotasunetik eraikitzen dena baino, euskal nazioaren eta hemen bizi eta lan egiten dugun pertsona guztien oparotasunaren zerbitzura egongo dena».

«Erronkak aukera bihurtzeko unea da. Subiranotasunean aurrera egiteko unea da. Ezinegona esperantza bihurtzeko unea da», esan zuten.